Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
'Konstituzioan aurreratzea ekonomian hobetzea' dela dio Salmondek
Eskoziako lehen ministroak EAEko eredu fiskala goraipatu du "ekonomikoki arrakastatsua izateko gastuak eta sarrerak kontrolatu" behar direlako.
Manu Gimenez
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak "Konstituzioan aurreratzea ekonomian hobetzea" dela azpimarratu du datorren urteko independentziaren erreferenduma babesteko, eta EAEko eredu fiskala goraipatu du "ekonomikoki arrakastatsua izateko gastuak eta sarrerak kontrolatu" behar direlako.
Eskoziako lehen ministroa Bilbon izan zen atzo Iberdrolako ordezkariekin, enpresa euskaldunak inbertsio handiak egin behar dituelako Eskozian, eta Gamesarekin ere egon zen energia berriztagarrien inguruan hitz egiteko. Izan ere, azken hori Eskoziako itsasoan haize errotak jartzea aztertzen ari da.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, bisitak "helburu ekonomikoa" zuen, baina "oso pozik" agertu da "lehenengo aldiz" Eskoziako lehen ministro bat EAEn izan delako.
EAEko zerga eredua ere izan du hizpide agintari eskoziarrak, eta bi herrialdeak ezberdinak direla onartuta ere, "funtzionatzen duten ereduei" begiratzen dietela esan du. Gainera, Espainiako Estatuaren aldean, EAEko egoera ekonomikoa hobea dela uste du; izan ere, zeren "Madril baino gehiago" haziko dela aurreikusi dute, eta "langabezia tasa baxuena" du.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zerga eredua izango balu, Eskoziako Barne Produktu Gordina (BPG) urtero % 1 inguru haziko litzatekeela zehaztu du Salmondek, eta hori "oso perspektiba" ona omen da Britainia Handiko Gobernuak datozen 15 urteetan diru gutxiago emango diolako Eskoziako Gobernuari.
Erreferenduma
Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP) alderdi independentistako agintaria ez da gustura agertu independentziaren eta autonomia fiskalaren inguruan egingo duten erreferenduma atzeratu beharrarekin (alderdi bozkatuena izan arren, ez dute gehiengo osoa Eskoziako Parlamentuan), baina "arazo larriena gastu soziala murriztea" dela esan die herritarrei, eta "Konstituzioan aurreratzea ekonomian hobetzea" dela erakutsi nahi die orain.
Gainera, independentzia edo autonomia fiskala aukeran jarrita, bigarrena soilik lortzen badute ere, asko lortuko dutela iritzi dio, eta Eskoziako esaera zahar bat hartu du ahotan: "Hobe ogi zatia eskutan, ogi osoa galtzea baino".
ETAk "eraso ekintza armatuak" baztertzeko hartu duen erabakiaz galdetuta, eurek Eskoziaren independentziaren alde egin duten borrokan ez dela inor hil nabarmendu du Eskoziako lehen ministroak, eta "harro" agertu da horregatik. Horren harian, Eusko Alkartasunari zuzenduta (Europako Parlamentuan kideak dira SNP eta EA), "helburuak era baketsuan bilatu ditzatela" eskatu die "gurekin daudenei".