Politika -

Kongresua, Bilbon

Patxi Lopez: Paradoxa da 'ETAk eta inguruak' giza eskubideak eskatzea

"Ezin bateraezinagoa da", lehendakariak Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Biltzarraren irekiera-ekitaldian adierazi duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"ETAk eta bere munduak" Giza Eskubideen Adierazpena aldarrikatzen dutenean sortzen den paradoxa "odoltsua" salatu du Patxi Lopez lehendakariak, izan ere, "ezin bateraezinagoa" dela uste du.

Patxi Lopezek Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Biltzarraren irekiera-ekitaldian egin ditu adierazpenok, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Lehendakariak esan du "pertsona izatea" dela "eskubideen zilegitasuna" bermatzen duen baldintza, "baieztapen unibertsala" omen da hori. "Giza eskubideen antonimoa Auschwitz da, zeren krimena ez baitzen hilketa masiboa izan, hildakoen gizaki izaeraren ukazioa baizik", gaineratu du.

Patxi Lopezen arabera, "sistema demokratikoak soilik babesten ditu giza eskubideak eta, era berean, eskubideak babesteko eta aplikatzeko erakundeen sorkuntza ekarri du". "Diktaduran, giza eskubideak aldarrikatzen genituenean, horiek babesteko gai izango zen sistema demokratikoa eskatzen genuen", azpimarratu du lehendakariak.

Horren harira, Patxi Lopezek esan du eskubideak eta politika bereizteak, hau da, "eskubideak sistema politiko jakin batzuetatik urruntzeak, paradoxa arraroak" sortzen dituela.

Hori horrela, "ETAk eta bere munduak" Giza Eskubideen Adierazpena errespetatzeko eskatzen dutenean "paradoxa odoltsu bat" sortzen dela iritzi dio lehendakariak. "Nola izan liteke hori posible? Ezin bateraezinagoa da", azpimarratu du.

Lehendakariak berretsi du giza eskubideak direla sistema politiko demokratikoei "zilegitasuna" ematen diena, eta ohartarazi du botere publikoen lana dela horiek betearaztea, nahiz eta, "batzuetan, arazoak izaten ditugun, gure kasuan bezala, terrorismoak bizitzeko eskubideari eraso egiten diolako". Dena dela, "kasu batzuetan" botere publikoek bizitzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna babesteko lanari uko egiten diotela gaitzetsi du.

Frantziako ijitoen kanporatzeak aipatu ditu horren harira, izan ere, gaiak agerian uzten omen du "Europan atzerritarrak direnen eskubideak onartzeko dugun arazoa".

Bestalde, berdintasunaren alorrean, eskubide sozialen garrantzia azpimarratu du Patxi Lopezek, baina ohartarazi du bi arrisku dituela eskubide horrek: "iruzur fiskala" eta "laguntza zerbitzuen gehiegizko erabilera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea