Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Iceta: 'Elizaren zeregina bake kultura sustatzea da'
Bilboko gotzain hautetsiak "itxaropena eta zuhurtzia" agertu du ETAk "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki duela iragarri eta gero.
Erredakzioa
Mario Iceta Bilboko gotzain hautetsiak "itxaropena eta zuhurtzia" agertu du gaur terrorismoaren balizko amaieraren aurrean, eta zeregin horretan Elizaren lana gizartean "bake eta sosegu kultura sustatzea" dela gaineratu du.
Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Icetak adierazi du ETAk terrorismoa eta indarkeria uztea baino ez duela nahi, gizarteak bezala.
"Uste dut itxaropentsu bizi behar garela beti. Uste dut gizarteak aurrerapausoak egin dituela eta gaur egun bakearen aldeko sentsibilizazio handiagoa dagoela. Horrenbestez, itxaropentsu bizi beharra daukagu", nabarmendu du.
Balizko bake-prozesu batean bitartekari izateko aukerari dagokionez, Icetak esan du ezin duela iritzirik eman, ez baitu gertatzen ari denari buruzko informaziorik. Nolanahi ere, gotzain hautetsiak argi utzi nahi izan du ez diola inork "ezer" eskatu.
Izendapenen polemika
Bestalde, bera Bilboko gotzain eta Ignacio Munilla Donostiakoa izendatu izanak piztu duten polemika dela eta, Icetak gogorarazi du izendapen sistema berbera dela Eliza katoliko latino guztietan.
"Sistema hobetu liteke, baina hori ez dagokio euskal Elizari bakarrik", erantsi du.
Halaber, bera izendatu izanaren aurka agertu direnek batzuetan "klixeak" erabili dituztela eta "egiak ez diren gauzak" esan dituztela salatu du.