Politika -
ETAren iragarpena
Patxi Lopezek, Batasunaz: 'Kasu hauetan ez dago inolako federik'
Bestalde, lehendakariak esan du gustura hartuko lukeela aldundiak zergei buruzko "gogoetan eta eztabaidan sartzea".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak Jesús Eguiguren PSE-EEko presidenteari erantzun dio gaur. Duela egun batzuk, "Batasunak politikaren alde egindako apustua zintzoa eta atzerapausurik gabekoa" dela esan zuen Eguigurenek, eta horren aurrean "gainontzekook kasu honetan fedea izateko lekurik ez dagoela esaten dugu", erantzun dio lehendakariak.
"Liderazgo Euskadi Foro"an egindako hitzaldian, eta bertan bildu direnen galderei erantzunez, Patxi Lopezek bide politiko horiek "ekintzen bitartez" egiaztatu behar direla esan du. "Eta apustu hori seria eta behin betikoa dela froga dezaketen ekintza bakarrak ETArekin hautsi eta ETAdeaagerrarazteko alde lan egitea dira", gaineratu du.
Era berean, ETAren iragarpenaren ondoren beharrezko ekintzak martxan jartzeko lidergo falta izan duela esaten dutenei erantzun nahi izan die lehendakariak. Horren harira, ETAren iragarpenean "inolako aurrerapenik" ez dagoela adierazi du, "pilota ETAren teilatuan dago oraindik, behin betiko pausoa eman dezaten zain". "Ezer ez dagoela ikusten badugu, orduan, zergatik aldatu behar dugu?", galdetu du Patxi Lopezek.
Horretaz gain, "lider izatea, batzuetan, lasaitasuna mantentzea da, eta horretan gabiltza, gizarteari orain arteko politikari eutsi egingo diogula esateko, politika horrek arrakasta ekarri baitigu".
Zergak
Bestalde, lehendakariak esan du gustura hartuko lukeela aldundiak zergei buruzko "gogoetan eta eztabaidan sartzea", izan ere, "herrialde osoari eragiten dion eztabaida" da.
Patxi Lopezek adierazi duenez, "hemen mundu guztiak iparraldeko herrialdeei begiratzen die, baina prestazioei, zerbitzuei eta kalitateari bakarrik; inoiz ez presio fiskalari”.
Horren harira, aipatu herrialdeen presio fiskala % 40tik gorakoa dela eta EAEkoa % 30 inguruan dagoela azpimarratu du.
Enplegu politika aktiboen eskumena transferitzeari buruz, lehendakariak esan du "kutxa bakarra apurtuko ez duten" ereduak ari direla mahai gainean jartzen.