Politika -

Agirrezabalaren adierazpenak

EA: 'Legebiltzarrean aldaketarik nahi ez dutenei ez zaie bakea komeni'

Ikasturte politiko berriari begira, bere alderdiak lehendakaria "immobilismotik" aterako duela esan du Juanjo Agirrezabalak, gertatzen ari den "aldaketa sakona" ezin baitute alde batera utzi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juanjo Agirrezabala EAko parlamentariak gaur esan duenez, "batzuentzat bakea ez da batere ona, berarekin Eusko Legebiltzarrean dauden indarren erabateko aldaketa ekarriko duelako". Hori dela eta, lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari "immobilismotik" ateratzeko eskatu die.

Bere alderdiak ikasturte politiko berrian duen helburuetako bat denbora politiko berri bat hasi dela zabaltzea da. Denbora berri hori ez dago ETAren iragarpenak baldintzatzen, ETAk alderdi politikoen inolako babesik ez duela baizik.

Agirrezabalaren ustez, "ez Gobernuak eta ez Legebiltzarrak, ezin dute bizitzen ari garen aldaketa sakon honetatik baztertuta egon" eta EA "lehendakaria eta bere Gobernua immobilismotik ateratzen" etengabe saiatuko dela adierazi du.

EBk alderdi guztiak, Batasuna barne, bilduko dituen alderdien mahai bat sortu eta indarkeriaren amaieraren gainean aritzeko proposamenaz galdetuta, Agirrezabalak Legebiltzarretik kanpo ez litzakeela zertan foro baten beharra egon beharko erantzun du, helburua "indar politiko guztiak, salbuespenik gabe, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta egotea" delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea