Politika -
Sinn Fein Euskadin
Bake 'aukera aprobetxatzeko' eskatu du Sinn Fein alderdiak
"Gatazken konponbideetan" duten eskarmentua euskal alderdi eta agente sozialekin "partekatzeko" Euskadin dira Bairbre de Brun eta Alex Maskey.
Erredakzioa
Bairbre de Brun eta Alex Maskey Irlandako Sinn Fein alderdiko agintariak Bilbon izan dira. "Alderdi guztiek parte hartzeko aukera duten elkarrizketa" bat eskatu dute Maskeyk eta De Brunek, ETAren azken iragarpenaren ostean bakea lortzeko "aukera aprobetxatzeko".
De Brunek eta Maskeyk prentsaurrekoa eman dute Bilbon, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Agurne Barroso eta Nico Moreno ezker abertzaleko agintariek lagunduta.
"Espainia eta Euskal Herriarentzako une garrantzitsua da", adierazi du De Brunek. Era berean, ETAk egindako "aldebakarreko eta baldintzarik gabeko" iragarpen "mugagabeari" ematen dizkioten erantzunak "eraikitzaileak" izatea eskatu du.
Bestalde, ezker abertzalea beste agente batzuekin biltzen ari dela jakinarazi du Nico Morenok, Euskadin "ireki beharreko prozesu demokratikoari buruz iritziak elkar trukatzeko".
Gainera, ezker abertzaleak prozesua "amaierara arte eramango" duela ziurtatu du Morenok, baina "zaila izango da", ETAren komunikatuaren aurrean "Gobernuaren jarrera ikusita".
Hala ere, "Euskal Herriak, Irlandak bezala, bidezko bake iraunkorra izango du", Morenoren hitzetan.