Politika -
Uzes herrian
ETAren zulo bat aurkitu dute, Frantzian
Bi lagun ezkutalekutik gertu ikusi ondoren, ehiztari bik zuloa topatu zuten. Barruan, 30 bat arma eta elementu kimikoak aurkitu dituzte.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak ETArena izan daiteken zulo bat aurkitu du Uzes-eko herrian, Gard Departamenduan, Midi Libre egunkari digitalaren arabera.
Bi pertsona "susmagarri" ezkutalekutik gertu ikusi ondoren, ehiztari bik zuloa topatu zuten. Barruan, 30 bat arma eta elementu kimikoak, plastikozko bi bidoi ezberdinetan banatuta.
Terrorismoaren aurkako iturrien arabera, zuloan aurkitutako armak 2006ko su-etena bitartean lapurtu zituen ETAk, Vauvert-eko herrian.
Iturri berdinen arabera, aktiboan zegoen zuloa da topatu dutena, orain gutxi erabilitakoa. Baliteke ETAren aparatu logistikoaren zuloa izatea, poliziaren arabera.
Poliziari deitu ondoren, Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzak eta Montpelierreko Polizia Judizialak hartu du zuloa ikertzeko ardura.