Politika -

Forondako zelaietan

EAJk 100.000 lagun biltzea espero du igandeko Alderdi Egunean

'Euskadi sasi guztien gainetik' lelopean, igandean ospatuko dute jeltzaleen eguna. Inoiz egin den 'Agintarienea' handienean parte hartuko dute 100 bat dantzarik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru ahaldun nagusiek (Jose Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre) Iñigo Urkullu EAJko presidentearekin batera izango dira igandean, ''Alderdi Egunean''. Ohi den moduan, Gasteizko Foronda zelaietan ospatuko da jeltzaleen eguna.

Belén Greaves EBBren Idazkariak aurkeztu du Bilbon ospatzekoa den XXXIV. Alderdi Eguna, ''Euskadi sasi guztien gainetik'' lelopean. Goiburu horrek "hurrengo hilabeteotan gizarte gisa izango ditugun erronken aurrean dugun konpromisoa eta apustua adierazi nahi du", azaldu du Greavesek.

"Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa Euskadi lehenestea da, hau da, Euskadiko herritarren interesak, bestelakoen interesen gainetik jartzea. Goiburu honek ere Euzko Alderdi Jeltzaleak dauden erronka guztiei aurre egiteko mantentzen duen jarrera adierazi nahi du", azaldu du.

Adierazi duenez, krisi ekonomikoa, "euskal gizartean bizikidetzaren normalizazioa eta autogobernuan sakontzeko beharra" dira EAJren "erronka" nagusiak. "Hiru erronka nagusi dira eta López Lehendakariaren Gobernuak eta Alderdi Popularrak ez dute konpondu nahi edo ez dakite nola egin".

EBBko presidentearekin batera, mitinean parte hartuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiek eta Nafarroako hauteskundeetarako Nafarroa Bairen barruan EAJren hautagai batek ere.

EAJk 100.000 lagun baino gehiago bildu nahi ditu igandean. Pertsona horiek "inoiz antolatu den ''Agintarienea'' handienean parte hartuko dute", hau da, "Ikurriña omentzeko dantzarik handiena" izango da Forondan. 100 dantzarik 20 metro koadroko ikurrinak dantzatuko dituzte. Alderdikide eta lagunek ere eramango dute ikurrina eskuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea