Politika -
Politika Orokorreko Bilkura
Lehendakariak 'poza' agertu du enplegu transferentzia dela eta
- Murrizketa handia iragarri du gastu arruntean.
- Zerga sistemari buruzko eztabaida orokorra sustatuko du Aldundiekin.
- Urrian beste neurri-sorta bat aurkeztuko du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendariak adierazi du "albiste ona" dela enplegu politika aktiboen transferentzia, eta EAJ Estatutura "itzuli" denez, jeltzaleen eta sozialisten artean akordioak egitea posible dela gaineratu du.
Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, Politika Orokorreko Saioa-ren hasieran.
Lehen aldia izan da lehendakari denetik Patxi Lopezek bere agintaldiaren balantzea egin duena Gasteizko Ganberan.
Hitzaldian hainbat gai hartu ditu hizpide, baina batik bat ekonomia eta finantza sistema, aipatu transferentzia eta ETAren aurkako borroka jorratu ditu.
Enplegu eskuduntzari dagokionez, lehendakariak txalotu egin du EAJk "Espainiaren gobernagarritasuna"rekin konpromisoa agertu izana, duela urtebete "betoa" jarri bazuen ere.
Halaber, transferentzien batzorde mistoa "lehenbailehen" batzartuko dela iragarri du.
Murrizketa handia eta zerga sistemari buruzko eztabaida
Bestalde, 2011n enpresa publikoen gastu arrunta % 20 murriztuko dutela eta Euskadiko zerga ereduari buruzko eztabaida orokorra sustatuko duela iragarri du Lopezek.
Lehendakariak bost proposamen egin ditu Ongizate Estatuaren etorkizuna bermatzeko, eta ekonomiaren errentagarritasuna areagotzearen alde egin du, "pobrezia ez banatzeko" eta baliabide gehiago izateko.
Gizarte Zerbitzuen Goi Mailako Ikuskaritza berriaren bidez, aparteko lana egingo dute inork zerbitzu eta laguntza publikoen "iruzurrezko edo gehiegizko" erabilerarik egin ez dezan.
Laugarren proposamena "baliabide publikoak eralgiko ez dituen administrazio eraginkor eta zorrotza" bultzatzea da. Horretarako, datorren urtean enpresa publikoen gastua, batez beste, ehuneko hogei murriztuko dela adierazi du; enpresa kopurua murriztuz eta "langile taldeak berriz antolatuz" lortu nahi dute.
Horrez gain, lehendakariak Euskadiko fiskalitateari buruzko eztabaida eta hausnarketa "lasaia" sustatuko du. Ordaindu nahi diren zergen inguruko eztabaida baino, "jaso nahi diren zerbitzuen ingurukoa" izango da.
Beste neurri-sorta bat
Patxi Lopezek aurreratu du urrian beste neurri-sorta bat aurkeztuko duela, energiaren, azpiegituren, ikerketaren eta berrikuntzaren sektoreetan "inbertsio emankorrak" egiteko.
Azaldu duenez, Jaularitzak "ezohiko baliabideak" izango ditu "aurki", Naturgasen zuen parte-hartzearen % 30 saldu eta gero. Hortaz, urrian Euskal Finantzen Kontseilua batzartuko da, eta baliabideen zenbatekoa zehaztuko du.
AHT eta azpiegiturak
Lehendakariak nabarmendu du Jaurlaritzak "erabateko lehentasuna" emango diola Abiadura Handiko Trenari (AHT), eta 2011n beste 275 milioi euro esleituko dituztela iragarri du. Halaber, "babesa eta gertutasuna" helarazi nahi izan die obrekin "konpromisoa" dutenei.
Lopezek esan du negoziatu egin duela Espainiako Gobernuarekin, haren menpe dauden tarteetan murrizketarik egin ez dezan. Halaber, trena Euskadiko hiru hiriburuetara iristeko akordioa sinatu dutela ekarri du gogora.
"Inportanteena AHT lehenbailehen bukatzea da, denon artean, ezinbesteko azpiegitura baita gure garapenaren etorkizunarentzat", erantsi du.
Beste azpiegituren alorrean, lehendakariak azaldu du aurrera jarraitu dutela Bilboko Metroa luzatzeko proiektuekin, hirugarren linea egiteko lanetarako 101 milioi esleitu dituztela eta aurreko Gobernuak 65 baino ez zituela jarri. "Linea horretako tarte guztiak obretan daude jada", azpimarratu du.
Laugarren linearen (Errekalde-Moyua) ikerketa ere esleitu dute, eta 2011n Arizeko (Basauri) metro geltokia inauguratuko dute.
Lehendakariak aipatutako beste lehentasun batzuk honakoak dira: Donostialdeko Metroa, Bilboko Metroaren laugarren eta bosgarren lineak, Bilboko tranbia amaitzea eta Barakaldokoa abiatzea.