Politika -
Politikako orokorreko bilkura
EB: '130.000 langaberekin ezin daiteke krisia atzean utzi dugula esan'
Mikel Aranak "lidergo gabezi kronikoa" duela esan dio lehendakariari eta goizeko hitzaldian "Aliziaren Mundu Miresgarrien ipuina" kontatu izana leporatu dio.
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Batuko bozeramaileak krisia atzean utzi dugula gehiegizkoa dela esan dio lehendakariari, izan ere, langabetuen kopurua, 130.000, bere horretan mantentzen baita Gobernua berria duela 16 hilabete iritsi zenetik.
Gainera, Patxi Lopezi "Zapateroren politikei jarraipen itsua" egitea leporatu dio, "Euskadik bere gaitasunak garatzeko aukerak itoz".
Lan Politika Aktiboen trasferentziari dagokionez, Aranak Patxi Lopezen gobernuaren "lidergo falta" atsekabez ikusten duela adierazi du, "Gobernu honek Estatutua defendatzen duela dio, baina besoak gurutzatuta geratu da beste batzuk negoziazioan ari ziren bitartean".
ETA
Mikel Aranak lehendakariak goizean esandakoari, ETAren amaiera "atzamar puntaz ukitu" daitekeela, erantzun nahi izan dio. Aranaren esanetan, "zerbait ukitzeko eskua luzatu behar da", Eusko Jaurlaritzak egiten ez duen gauza.
Horregatik, Ezker Batuak lehendakariari "borondate politikoa" eta "lidergoa" erakusteko eskatu dio, alderdi guztiak mahai baren inguruan bildu eta "behin betiko bakea" lortzeko.
Lehendakariaren erantzuna
Patxi Lopez lehendakariak politika "frentista" bat egin izana ezeztatu du. Horretarako adibide bat jarri du: Gobernuak onartutako 295 proposamenetatik "%15 bakarrik onartu dira PSOE eta PPren botoekin soilik". Hori dela eta, Patxi Lopezek "politika frentista bat bera ere ez atzemateko gai ez izatea" leporatu dio Mikel Aranari.
Horrez gain, eta erakundeetan Espainiako bandera jartzeko derrigortasunari dagokionez, lehendakariak legedia "gustatu ala ez" beteko duela azpimarratu du. "Banderak jartzea legea betetzea da, ez dugu inori eraso egiten" gaineratu du Patxi Lopezek. "Gauza normalak dira, mundu osoan", errepikatu du.