Politika -

Politika Orokorreko Eztabaida

Pastor: 'Jaun jeltzaleak, ongietorri aldaketaren taldera"

"ETAren totalitarismoaren alanbre-hesiak desaktibatzen ari dira", PSEko bozeramailearen hitzetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJri "aldaketaren taldera ongietorria" egin dio Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak. Pastorren esanetan, beraien politikan norabide aldaketa bat eman dute jeltzaleek eta "Estatutuaren bidera" itzuli dira.

PSEko bozeramailearen hitzetan, enplegu politiken eskumena bereganatzeko jeltzaleek eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioak jarrera aldaketa hori demostratzen du. Enplegu politiken transferentzian lortutako adostasunagatik pozik agertu da Pastor. Akordioa "Gobernuaren lehentasun bat zelako izan da posible", erantsi du PSEko ordezkariak.

"Ibarretxek Estatutua hiltzat jo eta hamar urte geldirik izan zuen", adierazi du Pastorrek. Atzoko akordioarekin "EAJk norabidea zuzendu du", legebiltzarkide sozialistaren arabera.

"ETAren totalitarismoaren alanbre-hesiak desaktibatzen ari dira", esan du PSEko bozeramaileak. Eusko Jaurlaritza "askatasunen borroka irabazten ari da", gaineratu du Pastorrek. 16 hilabeteko kudeaketarekin Exekutiboa "euskal herritarren arteko ezberdintasun politikoekin eta hizkuntza amorratuarekin amaitzen ari da", adierazi du.

Pastorren arabera, "aldaketaren Gobernua indartu egin da" urtebetean. Gasteizko Exekutiboa "jendearen arazoetaz arduratzen da, nortasunaren hitzaldiak alde batera utziz", azaldu du PSEko ordezkariak.

Lehendakariaren erantzuna

Sozialisten planteamenduak babestu ditu Patxi Lopez lehendakariak, eta "herriari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen jarraitzearen" aldeko apustua egin du.

Bestalde, Lopezek Pastorren iritziarekin bat egin eta "Gobernuaren lehentasunak herritarren lehentasun berdinak" izan behar direla adierazi du. Gainera, Gasteizko Exekutiboa "herritarren Gobernua" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea