Politika -

Manifestazio jendetsua

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute milaka pertsonak Bilbon

'Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko' lemapean, 30.000 herritar inguruk Bilboko kaleak zeharkatu dituzte, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-plataformaren deialdiarekin bat eginda.

17:30ean Casilla plazatik abiatu dute martxa. Argazkia: EFE
17:30ean Casilla plazatik abiatu dute martxa. Argazkia: EFE
Kataluniari elkartasuna adierazteko atera dira kalera milaka lagun

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30.000 lagun inguru, Udaltzaingoaren zenbaketen arabera, bildu dira larunbat arratsalde honetan Bilbon Kataluniako erreferenduma babesteko Gure Esku Dago plataformak deitutako deialdiarekin bat egiteko asmoz. Manifestazioa 17:30ean abiatu dute, Casilla plazatik abiatuta, 'Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko' lelopean.

Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta plaza Biribila zeharkatu ondoren, Udaletxe parean eman diote amaiera manifestazioari, ekitaldia batekin. Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dagoren bozeramaileek eraman dute pankarta, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiarekin, Maite Aristegi nekazal-sindikalistarekin eta Jesus Uzkudun CCOOko kidearekin batera.

Datorren urriaren 1erako indar independentistek deitutako erreferendumari babesa adierazi nahi izan dio Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, eta martxa hori eragile sozial, politiko eta ekonomiko askok babestu nahi izan dute.

Atxikimenduak

Hala, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko presidenteak bidali ditu EAJk (Itxaso Atutxa, Joseba Egibar eta Jose Antonio Suso), hiru ahaldun nagusiak (Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano), eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Aitzitik, ez da Eusko Jaurlaritzaren, PSEren, Ahal Duguren edo PPren ordezkaririk izan. EH Bildu (Arnaldo Otegi buru izanda) eta Sortu ere bertan izan dira.

Sindikatuei dagokienez, ELA eta LABeko idazkari nagusiak izan dira (Txiki Muñoz eta Garbiñe Aranburu, hurrenez hurren); bestalde, Patxi Zabaleta Aralarreko buruzagiak, Peio Urizar EAko idazkari nagusiak eta Laura Mintegi lehendakarigai izandakoak, besteak beste, parte hartu dute.

Gure Esku Dago plataformaren bozeramaileek adierazi dutenez,

GURE ESKU DAGO  ARGAZKIA: @GureEskuDago

GURE ESKU DAGO ARGAZKIA: @GureEskuDago

Gaur Bilbon izandako manifestazioaren burua. Argazkia: Twitter Gure Eskude Dago

'Erabaki askearen bidea'

Ibilbidean zehar independentziaren aldeko oihuak entzun dira, eta ikurrinak eta esteladak nonahi ikusi dira, baita 'erabaki nahi dugu' hitzak zekartzaten kartelak.

Autonomia eta Hurtado Amezaga kaleak zeharkatu ostean, ekitaldia 19:30ean amaitu da, Bilboko Udaletxe parean, eta Gure Esku Dago plataformaren bozeramaileek agiria irakurri dute, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

"Bideak bide, guk ere gure buruaren jabe izan nahi dugu. Ez gara hutsetik abiatzen, baina oraindik lan asko dago egiteko. Guztion konpromisoarekin, borondateak ehunduz, erabakiaren bidean sakonduz, bestelako etorkizun bat irudikatuz, auzolanean, elkarrekin amestuz. Ez dira begira egoteko garaiak, lanerako eta sormenerako garaiak baizik", adierazi dute. Gainera, Euskal Herriaren etorkizuna ere "jokoan" dagoela ohartarazi dute.

Gorka Knörren 'Agure Zaharra' abestiarekin amaiera eman diote ekitaldiari.

EAJ

Itxaso Atutxa buruzagi jeltzaleak adierazi duenez, "Katalunia nazio bat da, eta eskubide politikoak ditu. Askatasunez bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka eta, noski, erreferenduma deitzeko Kataluniako erakundeek legimitate osoa dute".

Atutxak gaineratu duenez, urriaren 1ean "bere Gobernuak deitutako erreferendumean askatasunez parte hartu beharko lukete katalanek. Demokratikoki Kataluniak eskatzen ari dena bermatu beharrean, bere erabakia eta borondatea zapuzten ari da Espainiako Estatua".

EH Bildu

Bestalde, Jasone Agirre EH Bilduren legebiltzarkideak "Bilboko kaleak jendez bete izana" txalotu du, horrek agerian utzi baitu "demokraziaren alde daudela, oinarrizko eskubidea den erabakitzeko eskubidearen alde daudela, alegia". Gainera, "Espainiako Estatuaren jarrera antidemokratikoa" salatu du. Agirreren iritzian, "Kataluniakoaren antzera, hemen ere bide bera egiteko baldintzak ematen ari direla erakutsi du" martxak.

LAB

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "erabakitzeko eskubidea defendatzen duen orok urriaren 1eko erreferenduma babestu beharko luke, kontrakoa Espainiar Estatuaren alde egotea litzakeelako". Gauzak horrela, LABeko idazkari nagusiak sindikatu horren "elkartasun osoa" adierazi du. "Miresgarria da Katalunian egiten ari diren ibilbidea, independentziara erakusten ari diren determinazioa", gaineratu du.

KATALUNIAKO ERREFERENDUMAREN ALDEKO MARTXA BILBON EFE

KATALUNIAKO ERREFERENDUMAREN ALDEKO MARTXA BILBON EFE

Esteladak nonahi, manifestazioaren ibilbidean. Argazkia: EFE

Forcadellen mezua

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak eskerrak emateko mezua helarazi die Bilboko martxan parte hartu duten milaka lagunei. "Euskadiko lagunak, eskerrik asko erreferendumari erakutsitako babesagatik; guretzako oso garrantzitsua da zuen babesa izatea, era baketsuan eta demokratikoki gure etorkizuna erabaki ahal izateko", esan du Forcaldellek manifestazioaren amaieran entzundako mezuan. "Ideien eztabaida zigortu nahi duten Estatu batean ez dago demokraziarik", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak PNV-EAJ Bilbo Sortu ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Kataluniako erreferenduma Gure Esku bideoak Alderdi politikoak EH Bildu Gaurko azken ordukoa Euskal sindikatuak