Politika -

Gernikan

Ezker abertzaleak eta EAk akordio zabal baten berri emango dute gaur

Testuan, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunarekin adostuta, besteak beste, indarkeria alde batera utziko duen "behin betiko su-etena, egiaztagarria eta aldebakarrekoa" eskatzen diote ETAri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAk eta ezker abertzaleak gaur, larunbata, bake eta normalizazio-prozesua bultzatzeko "gutxieneko baldintzak" jasotzen dituen akordio bat aurkeztuko dute Gernikan (Bizkaia). Testua Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna eta hainbat erakunde politiko sindikal eta sozialekin batera adostu dute.

Kolektibo horietako iturriek Europa Pressi informatu diotenaren arabera, testua, bi orrialdekoa, "argia eta indar handikoa" da, eta bertan indarkeria alde batera utziko duen "behin betiko su-etena, egiaztagarria eta aldebakarrekoa" aurkezteko nazioarteari eskatzen diote ETAri eta Alderdien Legea bertan behera uzteko Zapateroren Gobernuari.

Gainera, dokumentuan biktimak aintzat hartu eta babesten dituzte, eta adiskidetzea ere beharrezkoa dela jasotzen dute. Testuak "Konponbide demokratiko eta bake egoera baterako akordioa" du izena, eta EAJk izan ezik, gainerako alderdi abertzaleek euren babesa eman diote.

Gutxienezko akordioak "Lortu Arte" dokumentua izan du oinarrian, EAk eta ezker abertzaleak ekainaren 20an Euskalduna Jauregian aurkeztutakoa, alegia.

Testuan agertzen denez, "gatazka politikoa" Mitchell printzipioei jarraituz konpondu behar da eta nazioarteko agenteei akordioaren edukia helarazi behar zaie, negoziaketa eta eztabaida prozesuaren arauak eta tresnak zehazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea