Politika -

ETA-REN IRAGARPENA

Armagabetzearen osteko barne eztabaidari ekin diola jakinarazi du ETAk

Euskal Herriko "prozesu independentistan" laguntzeko erakundeak izan behar duen "funtzioaz eta zikloaz" erabakiko duela iragarri du 'Gara' egunkariari bidalitako ohar batean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Armagabetzearen ondotik iragarritako barne eztabaida abian dela jakinarazi du ETAk, Gara egunkariari bidalitako ohar informatibo baten bidez.

Oharrean dioenez, atzera zein aurrera begiratuko du eztabaidak. Batetik, erakundearen historia, estrategia eta ibilbidea aztertuko ditu "atzera begirako irakurketa" batean, eta, bestetik, etorkizunari ere erreparatuko dio "ETAren funtzioaz eta zikloaz erabakiak hartzeko".

ETAren esanetan, erabakiok lagungarriak izan behar dira "Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienetan garatzeko" eta "erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko".

Ohar informatiboaren arabera, armagabetzearen ondotik iragarritako eztabaida apur bat atzeratu da, "armagabetzeak berak eskatutako lanengatik" eta "ezker abertzalearen baitan garatzen ari ziren beste eztabaida batzuk ez trabatzeagatik".

ETAk ohartarazi duenez, "eztabaidaren garapena eta horren ondorioak zein onurak modu okerrean baldintzatzearren presio politiko-mediatikoa egon daiteke".

Abiatutako eztabaidaren "garrantzi historikoa" islatzeko, Felix Likinianok aizkoraren eta sugearen irudiarekin egin zuen egurrezko tailu originalaren argazkia igorri dio Gara egunkariari, eta jakinarazi du prozesu horretan tailu horren irudiak ordezkatuko duela ETAren ohiko anagrama.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak ETA gaur Gaurko azken ordukoa