Politika -
Apirilaren 8aren ostean
ETAren ehun arma inguru falta direla esan du Frantziako Fiskaltzak
Parisko Auzitegi Korrekzionaleko fiskalak eman ditu datu horiek, ETAren armategiari buruz duen erregistroa aintzat hartuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAren ehun arma inguru falta direla esan du Frantziako Fiskaltzak. Parisko Auzitegi Korrekzionaleko fiskalak eman ditu datu horiek, ETAren armategiari buruz duen erregistroa aintzat hartuta.
Ministerio Publikoko ordezkariaren iritziz, "kolpea emateko indar handia du oraindik ETAk". Halaber, apirilaren 8ko ETAren armagabetzea erlatibizatu egin behar dela azpimarratu du.
Fiskalak nabarmendu duenez, ETAk iraganean "su-eten taktikoak" iragarri zituen eta garai horiek armaz hornitzeko erabili zituen. ETAk 2011n jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri bazuen ere, "historiak zuhurrak izaten erakutsi digu", adierazi du. "ETA lo dago. Edozein unetan esnatu eta kolpea eman dezake", gaineratu du.
ETAk zortzi zulotan gordetako 120 suzko arma, hiru tona lehergai eta milaka detonagailu eta munizio utzi zituen Frantziako agintarien esku, Michel Tubiana "bakearen artisauak" taldeko kideak apirilaren 8an jakinarazi zuenaren arabera.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak baieztatu egin zuen ETA armagabetuta dagoela.