Politika -
Kataluniako erreferenduma
Kongresuak baztertu egin du Gobernuari babesa ematea U-1aren aurrean
Ganberak atzera bota du Ciudadanosen proposamena, PSOE, Unidos Podemos eta alderdi abertzale eta independentista guztien kontrako botoarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak baztertu egin du Espainiako Gobernuarekin eta botere judizialarekin bat egitea urriaren 1eko Kataluniako erreferendumari aurre egiteko. Ganberak atzera bota du Ciudadanosen proposamena, PSOE, Unidos Podemos eta alderdi abertzale eta independentista guztien kontrako botoarekin.
Azkenean, Ciudadanosen eta PSOEren arteko akordioa ez da posible izan, transakzio-zuzenketa aurrera ateratzeko. Albert Rivera alderdi laranjako buruzagiak ez du onartu Kataluniako arazoari "legezko" konponbide "adostu" bat ematea.
PSOEk puntu hori mantentzearen aldeko apustua egin du. Meritxell Batet diputatu sozialistak azaldu duenez, urriaren 2an "lurralde krisi larria" izaten ez jarraitzeko "ezinbestekoa da konponbide politikoak bilatzea eta elkarrizketarako agertokiak sortzea".
Ciudadanosen testuak aldeko 158 boto jaso ditu; PP, UPN eta Fororen babesa, alegia. Gainerako 166 diputatuek aurkako botoa eman dute: Unidos Podemos, Compromis, EAJ, EH Bildu eta Kataluniako independentistak (ERC eta PDeCAT). Ana Oramas CCko diputatua, aldiz, abstenitu da.
Albert Riveraren ahotan, botere legegileari eta Exekutiboari babesa emateko helburua zuen ekimenak, "Katalunian legezkotasun demokratikoa defendatzeko".
PSOEko lau diputatu abstenitu dira
Nahiz eta alderdiko zuzendaritzak ekimen horren aurkako botoa emateko agindua eman, lau diputatu sozialista abstenitu dira. Sozialistek eztabaida beroa izan dute Ganberako pasilloetan, bozketa hasi baino minutu batzuk lehenago.
Soraya Rodriguez eta Andaluziako beste hiru sozialista abstenitu dira. Rodriguezek kazetarien aurrean defendatu du bere jarrera. Antonio Pradas diputatu sozialistak, ostera, "hanka sartu dut", esan du, "boto-diziplina urratzeko borondaterik ez nuelako".
Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia, Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Batzuek "indarkeria erabiltzeko" eskatzea kritikatu du Estebanek
Aitor Esteban EAJren bozeramaileak gogor kritikatu ditu PP eta Ciudadanos, Kataluniako erreferendumaren aurrean Estatuak duen "irtenbide bakarra indarkeria erabiltzea" dela aldarrikatzeagatik, eta kataluniarren "ahotsa" entzutea eskatu du.
Estebanen hitzetan, "ez diete jaramonik egin duela orain urte askotatik Kataluniatik heldu diren alarma argiei".
Rivera, "Espainiako nazionalismoaren gurutzatua"
PDeCATen esanetan, "argi geratu da Ciudadanos PPren eskuin muturreko sektorea dela". Jordi Xucla diputatuak salatu duenez, Ciudadanoseko kideek "legea aho txikiarekin aldarrikatzen dute, baina oinarrizko eskubideak urratzeak ez ditu kezkatzen".
"Espainiako nazionalismoaren gurutzatua" izatea leporatu dio Ester Capella ERCko ordezkariak Riverari, eta Konstituzioa galdeketa egiteko aldatu nahi ez izatea aurpegiratu dio.
Unidos Podemos ere ekimen horren kontra agertu da, ez duelako ezer proposatzen Kataluniako gatazkari konponbidea emateko. Xavier Domenech En Comú Podemeko bozeramailearen hitzetan, gatazkak "egia burrunbatsu bat" du oinarrian: Espainia herrialde anitza da, eta Katalunia "erabakitzeko eskubidea duen nazio bat" da.
PPk, ostera, txalotu egin du Ciudadanosen ekimena, eta Gobernua erronka independentistari erantzuteko izaten ari den babesa eskertu du.
UPNk bat egin du PPrekin eta Ciudadanosekin, eta euren jarrera aurpegiratu die sozialistei. "Ordenamendu juridikoaren edo kolpistekin zaudete", esan du Iñigo Alli diputatuak.