Publizitatea
Itxi

2017/09/22

12:13

Politika

Euskadi

Transferitzeko falta diren 37 eskumenak eskatu dizkio Erkorekak Rajoyri

Agentziak | Erredakzioa

Eskumen nagusiak Gizarte Segurantzaren eta espetxe-sistemaren kudeaketaren ingurukoak direla esan du. Halaber, "kutxa bakarra eta kutxa batasuna" ez nahasteko eskatu dio Espainiari.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskadira transferitzeko falta diren 37 eskumenak eskatu dizkio ostiral honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Ildo horretatik, ez duela legea betetzen leporatu dio Espainiako Gobernuari, eta Euskadiren "berezitasuna" gutxiesteaz gain, "zor historikoa" duela esan du.

Autogobernu lantaldeak eskatutako bi txostenak aurkeztu ditu Erkorekak Gasteizen: 'Gernikako Estatutuan jaso diren eta oraindik transferitu ez diren gaien eskualdatze-katalogoaren eguneratzea' eta 'Zerrendan jaso diren eremuetan erabakiak hartzeko gaitasunaren ebaluazioa eta politika publikoak ezartzeko dauden mugen analisia (oinarrizko araudia zein betearazpenarena)'.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi duenez, dagoeneko Eusko Legebiltzarrera igorri dituzte Euskadiren Autogobernuaren Batzorde Txostengileak Jaurlaritzari eskatutako bi txosten horiek. Bertan, Espainiako Gobernuak ez duela legea betetzen azaldu dute, "Gernikako Estatutua Espainiako erakunde-arkitekturaren arau-gune gogorrean jasotzen den Lege Organikoa izanda ere".

Era berean, Espainiako Gobernuak Euskadirekin "zor historikoa" duela ziurtatu du, 1978tik, Gernikako Estatutua sinatu zenetik, Jaurlaritzara transferitzeko 37 eskumen baitaude. Halaber, Euskadiren "berezitasuna" gutxiesten duela leporatu dio Rajoyren Gobernuari.

"Aldebakarrez hartutako erabakiak ezartzeko gehiegizko erabilera egiten du Espainiako Gobernuak, EAE gainerako beste autonomia erkidego bat bihurtuz, Euskadik duen berezitasun historikoa kontuan izan gabe. Politika birzentralizatzailearekin aurrera egiteko araudiaren gehiegizko erabilera egiten du", gaineratu du Erkorekak.

Espetxe-sistema eta Gizarte Segurantza

Hala, oraindik transferitzeke dauden eskuduntza guztiak Jaurlaritzaren esku utzi behar dituela gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Rajoyri, eta horietatik bi eskumen lehenetsi ditu: espetxe-sistema eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa.

Josu Erkorekaren esanetan, ez dago "inolako aitzakiarik" ez bata ez bestea ez emateko. Aurreneko kasuari dagokionez, ETA armagabetuta eta desagertuta dagoela esan du. Gizarte Segurantzari dagokionez, "kutxa bakarra eta kutxa batasuna" nahita ez nahasteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Horren aburuz, Rajoyk ezin du legea errespetatu gabe eta eskaera horiei "entzungor" egiten jarraitu.

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Espainiako Gobernua aldebakarreko neurriak ezartzeko duen eskumena gehiegikeriaz baliatzen ari dela. Esaterako, berariaz dio, azken urteotan, Espainiako Gobernua "sistematikoki" ari dela Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko eskumen-titulu horizontalak aplikatzen, "eta printzipio horiek aukera ematen diote autonomia-erkidegoetako legegintza-gaitasuna ordezkatzeko, gaian eskumen esklusiboa izanik ere".

Horrela, Espainiako Gobernuak "etengabe ematen du oinarrizko araudia, zentralizatzailea eta bateratzailea, eremu guztietan, eta horrela, mugatu eta debaluatu egiten du, larriki, euskal erakundeek politika publikoak, osotasunean, ezartzeko eta garatzeko duten gaitasuna".

Espainiako Gobernua "zalantzan" jartzen ari da Euskadik bere burua antolatzeko duen gaitasuna, eta "murriztu egin nahi du euskal autonomia politikoa administrazio-deszentralizazio hutsera". Eusko Jaurlaritzak beste batzuetan salatu duen bezala, "Espainiako Gobernuak degradatu egiten du Euskadiren autonomia politikoa, eta, ondorioz, euskal erakundeak botere zentralaren eragile laguntzaile bilakatu nahi ditu".

37 transferentzietatik 6 berriak dira

Guztira 37 transferentzia sartu ditu zerrendan Jaurlaritzak, horietatik 31 Zubia Txostenean jasotako gaiak dira, baina sei berriak dira: immigrazioa, farmazia produktuak, bibliografia identifikazioko kodeen kudeaketa, itsasertzaren antolamendua, eskola aseguruena eta laneko ikuskaritza.

Negoziazioak

Bestalde, Jaurlaritzako bozeramaileak baztertu egin du EAJk 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorrei babesa ematea eskumenak transferitzeko, eta bi alderdi politikoek negoziatu beharreko gaia dela nabarmendu du. Horren esanetan, egoera politikoa "oso konplexua" da.

Erkorekak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela aurrekontu orokorrak onartzeko negoziazioetan parte hartuko, eta, ondorioz, berak ezin duela "inolako baldintzarik jarri". Era berean, Gernikako Estatutua betetzea ez litzatekeela inon negoziatu beharko gaineratu du, legea baita.

Azkenik, oraindik ez duela Saenz de Santamariarekin hitz egin azaldu du, baina Espainiako Gobernuko presidenteordearekin laster jarriko dela harremanetan erantsi du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena