Politika -
Kataluniako erreferenduma
'Demokraziaren alde bigarren fronte bat' irekitzera deitu du Urizarrek
Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiaren esanetan, "legezkotasuna ezin da inoiz erabili herri-borondatea oztopatzeko".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datorren urriaren 1ean Kataluniako herritarrek "euren etorkizuna erabakitzeko bozkatu ahal izango" dutela uste du Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak. Gainera, "askatasunaren eta demokraziaren aldeko bigarren fronte bat" sortzeko deia egin du.
Alkartasun Egunaren ekitaldi politikoan egindako hitzaldian, Iruñean, alegia, egin ditu Urizarrek adierazpen horiek eta, Katalunia aipatuta, "jatorri, ideologia eta helburu desberdinetako erakundek sustatutako ibilbidea" azpimarratu du. "Horrela bakarrik egin diezaiokegu aurre Estatu espainolaren inposizioari eta errepresioari", nabarmendu du.
"Mariano Rajoyren Gobernuak egindako guztiari aurre egingo dio Kataluniako gizarteak", esan du EAko buruak, eta urriaren 1ean "bere etorkizuna erabakitzeko bozkatu ahal izango du".
"Haren borroka gurea ere bada, herrien eskubidetan ere sinesten dugulako eta bozkatzea demokrazia delako", gaineratu du. Urizarren hitzetan, "Kataluniako herriak gizatasun handia erakutsi du, eta mundu osorako eredu dira".