Politika -
'Malaya'
Marbellako ustelkeria sarearen auzia epaitzen hasiko dira gaur
95 auziperatu daude (beste batzuk bilatzeko eta atxilotzeko agindua dute bere gain) eta dirua zuritzea, diru publikoa bide gabe erabiltzea, eroskeria eta jakinaren gainean delitua egitea egotzita.
Erredakzioa
Azkenean gaur hasiko da Marbellako ustelkeriari lotuta horrenbesteko hizpidea eragin duen ''Malaya auzia''ren epaiketa, Malagako Auzitegian.
95 pertsona daude auziperatuta, politikariak eta abokatuak besteak beste. 30 urte arteko espetxe zigorrak eskatuko ditu fiskalak dirua zuritzea, eroskeria edota jakinaren gainean delitua egitea leporatuta.
Akusatuen artean, Marbellako alkate izandako Julian Muñoz eta Marisol Yagüe daude. Hirigintzari lotutako ustelkeria kasu horren ondorioz Udala desegin behar izan zuten Marbellan, Espainiako historian lehenengo aldiz.
Hamabost zinegotzi ohi ere badaude, besteak beste, akusatuen artean. Haiekin batera hainbat abokatu, enpresari eta testaferro. Ustelkeria sareko ustezko burua Juan Antonio Roca da, Marbellako Udaleko hirigintza aholkulari ohia. Fiskaltzaren akusazioaren arabera, Rocak 245 milioi euro zuritu zituen. Diruaren zati bat Marbellako alkate eta zinegotzien artean banatzen omen zituen, hirigintza operazio irregularrei argi berdea eman ziezaieten, eta gainontzekoa gorde, inbertitu eta zuritu egiten zuen. Fiskaltzak 30 urteko kartzela-zigorra eta 800 milioi euroko isuna eskatuko du bere kontra.
Gaurko epaiketa urtebete inguru luzatuko da eta lau urteko ikerketaren ostean hasiko da. Sumarioak 196 tomo eta 200 mila foliotik gora ditu. Horri errekurtsoak eta beste zenbait artxibo gehituz gero, milioi bat dokumentu baino gehiago dira.