Politika -

Desadostasunak lauko gobernuan

Podemosek eta I-Ek osoko zuzenketa jarriko diote Poliziaren Foru Legeari

Geroa Baik eta EH Bilduk bakarrik babesten dute legea. Egoera bere onera etortzeko, lau alderdien bilera deitu du koalizio abertzaleak.

Irailaren 30a arte dute taldeek zuzenketak aurkezteko. Argazkian, Parlamentuan. EFE
Nafarroako Parlamentua. EFE
Irailaren 30a arte dute taldeek zuzenketak aurkezteko. Argazkian, Parlamentuan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan, Poliziaren Foru Legeak agerian utzi ditu lauko gobernuaren desadostasunak. Nafarroako Podemosek legeari osoko zuzenketa jarriko diola iragarri berri du, eta egoera aldatu ezean, gauza bera egingo duela ohartarazi du Ezkerrak (I-E) ere.

Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak urtebete darama legea sindikatuekin negoziatzen. Lege-proposamenari zuzenketak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da Nafarroako Parlmentuan, eta oposizioak (UPN, PSN eta PP) iragarrita du osoko zuzenketa. Atzo, Nafarroak Podemosek eta I-Ek egin zuten iragarpena.

Mikel Buil alderdi moreko parlamentariak adierazi zuenez, Kontseiluak osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du, "legeak ez baitu nahikoa babes jaso". Zuzenketa euren kabuz edo Ezkerrarekin batera aurkeztu aztertu behar dute orain.

Builen hitzetan, ez dituzte oposizioaren zuzenketak babestuko, "beste arrazoi batzuengatik aurkeztu dituztelako". Bestalde, beste aukera batzuk ere aztertzen ari direla esan zuen: "Beste lege-proposamen bat aurkez dezakegu, Podemosek defendatzen duen Foruzaingoa izateko: gertukoa, militarizatu gabea eta bere konpetentziak maila guztietan onartuko dituena".

Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak ere osoko zuzenketa iragarri zuen, "egoerak bere horretan jarraitzen badu behintzat". "Legeak lan aferei eragiten die, eta (sindikatuekin) akordiorik ez badago, atzera botatzeko proposamena eramango dugu Ganberara", De Simonen ustez.

EH Bildu eta Geroa Bai, legearen alde

Kritiken aurrean, legearen defentsa egin zuen Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak, eta onartu beharrekoa dela azpimarratu: "Onartu ezean, okerragoa izango da etorkizunean. Lege hau ez edukitzeak Foruzaingoaren garapena izoztuko du".

Podemosek eta Ezkerrak zuzenketa partzialak aurkez ditzaketela ere esan zuen, eta, egoera bere onera ekartzeko, 'Aldaketaren gobernua' osatzen duten lau alderdien bilera deituko duela iragarri zuen.

Ildo beretik mintzatu zen Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea ere. "Lege hau ez onartzeak, 15/2015 legeak indarrean jarraitzea ekarriko du, horrek suposatzen duen atzera-egitearekin", horren esanetan. "Lege hau babesten ez dutenen erantzukizuna izango da", ohartarazi zuen.

Oposizioak Beaumonten dimisioa eskatu zuen

UPN, PSN eta PPN hasieratik daude legearen kontra. Atzokoan Carlos Garcia Adanerok (UPN), Maria Chivitek (PSN) eta Ana Beltranek (PPN) azpimarratu zutenez, beste taldeek aurkeztutako zuzenketak babesteko prest daude. Gainera, Beaumontek "berehala" dimititzeko eskatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi Popularra UPN Albisteak PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Nafarroa Izquierda-Ezkerra alderdia Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa