Politika -

Agiria, Gudari Eguna dela eta

ETAk prozesu independentista bat abiatzea eskatu du, bera eragile izan gabe

Gainera, lehendakaria kritikatu du, prozesu katalanaren legezkotasuna zalantzan jartzearren. "78ko erregimenaren zartadurak agerikoak dira" Espainian, gaineratu du.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren ustean, Kataluniako Gobernuak abiarazitako prozesuarekin, erreferenduma aldebakarrez deituta, "78ko erregimenaren zartadurak agerikoak dira", eta Euskal Herrian ere prozesu independentista bat abiatzea eskatu du, galdeketa batean "erabakitze eskubidea egikaritzeko", baina berak horren gidaritza hartzea baztertuta.

Gudari Eguna dela eta Gara egunkariari igorritako agiri batean, Europa Pressen arabera, ETA egoera politikoaz mintzatu da, Kataluniako prozesua eta horrek euskal independentzian izan litzakeen ondorioak ardatz hartuta. Halaber, Iñigo Urkullu lehendakaria kritikatu du, Kataluniako galdeketaren legezkotasuna zalantzan jartzearren.

Horren ildotik, Kataluniako prozesu independentistatik ikasgaiak ateratzea eta Euskal Herrian "herria eta herritarrak protagonista" behar dituen prozesua abiaraztea eskatu du. ETAren esanetan, "indar metaketa eta herri aktibazioa funtsezko osagaiak" izango dira horretan, eta "soilik bide zibil eta demokratikoetatik abiarazi behar da prozesua". "Erabakitze eskubidearen onarpena lortzea baino gehiago, erabakitze eskubidea egikaritzea izan behar dute helburu", zehaztu du.

Prozesu hori, ETAk dioenez, ez du organizazioak babestu behar. "Horixe da ETAren azterketa, eta azterketa hori ez du behar-beharrezkoa den herri prozesua gerora gidatzeko, bermatzeko edo epaitzeko asmoarekin egiten, ezta gutxiagorik ere; ETAk ondo baino hobeto dakielako datorren ziklo politikoan gure erakundea ez dela eragile nagusietako bat izango", gaineratu duenez.

'78ko erregimenaren zartadurak

Gudari Eguna dela eta argitaratutako agirian, ETAk azpimarratu duenez, "Estatuak jasaten ari den krisi izugarria indarkeriaz eta basakeriaz ezkutatu nahi du", baina "78ko erregimenaren zartadurak agerikoak dira". "Egiturazko arazo sakona pairatzen ari da, azken krak ekonomikoari krisi politikoa, instituzionala, soziala eta lurralde krisia gehitu baitzaizkio".

"Katalunian ikusi ditugu haren (78 erregimenaren) benetako oinarriak: inposizioa, menpekotasuna eta zapalkuntza", azaldu du ETAk.

"Herri borondatea galarazteko indar armatua erabili dute, herri ordezkarien kontra jo dute eta Kataluniako autonomiaren apurrak hankaz gora jarri dituzte", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniaren independentzia ETA gaur Eguneko albisteak