Politika -
Gutxienez zazpi atxiloketa
Erreakzioak Askapenaren aurkako operazioaren aurrean
Segurtasun Indarrek ezker abertzalearen nazioarteko sarea izatea egozten diote Askapenari.
Erredakzioa
Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak iradoki du atxilotuek harremana izan dutela FARCekin.
"Garrantzitsua da terrorismoak nazioarteko harremanen bidez eta kasu honetan FARCekin duen babes sistemaren aurka borroka egitea", esan du.
Estatuko fiskal nagusiak adierazi du operazioa "kolpe handia" izan dela ETAren "babes sarea"rentzat eta, gainera, erakunde terroristaren aurkako borrokan Estatuak "irmo" jarraitzen duela erakusten duela erantsi du.
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak zoriondu egin ditu Segurtasun Indarrak, eta ETA garaitzeko bidea "hau" dela nabarmendu du.
Quirogak "Euskadiko bakearen eta askatasunaren alde" lanean jarraitzeko eskatu dio Poliziari, eta bide horretan aurrea egiteko deia egin die, "erakutsita baitago ETA menperatzeko bermea dela".
Arabako Aralarrek atxilotu guztiak askatzeko exijitu du, "ez jartzeko oztoporik" ezker abertzaleak "borroka politiko-militarrik gabeko aro batera" hasitako bidean.
Agiri batean, Aralarrek "atxiloketa arbitrario"en amaiera eskatu du, eta Askapenak lan "politiko eta internazionalista" baino ez duela egiten eta zeregin horretan "Euskal Herriko herritar askok" hartu dutela parte gogorarazi du.
ETBn egindako elkarrizketan, Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak esan du ez duela uste operazioa Gernikako Adierazpenari edo ETAren elkarrizketari erantzuteko gauzatu dutenik.
Izan ere, buruzagi ezkertiarraren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Patxi Lopez lehendakariaren gobernuak "ezer gerta ez balitz bezala" jokatzen ari dira.