Politika -
Venezuelan
Caracasen ordu eta erdi 'atxilotuta' izan zutela salatu du Iturgaizek
PPko eurodiputatuaren arabera, "atxilotu egin naute eta pasaportea kendu didate egia biribilak esateagatik, oposizioarentzat hauteskunde bidegabeak eta desorekatuak izan direla esateagatik".
Erredakzioa
Carlos Iturgaiz PPko eurodiputatuak salatu egin du Venezuelatik irten aurretik Estatuko Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarrak (Sebin) ordu eta erdiz "atxilotuta" izan zuela Maiquetía Nazioarteko Aireportuan (Caracas). Iturgaiz igandean Venezuelan egindako hauteskunde legislatiboetan Europako Talde Popularrak bidali zuen ikuskatzaileen buru izan zen bertan.
Popularraren arabera, bera eta kideak aireportuan Iberiaren salmahaira heldu zirenean, Sebin taldeko agenteak zain zeuden. "Iberiaren langileari pasaportea eman eta agente batek pasaportea berari emateko eta berarekin joateko esan zidan, eta baita nire kideei ere", adierazi du eurodiputatuak. Gero, pasaportea itzuli zieten guztiei, berari izan ezik, gaineratu du. Poliziek dei bat jaso zuten geroago, eta "nire maleta atzeman beharrik ez zutela" esan zieten.
"Pasaporterik gabe 30 eta 40 minutu artean egon eta gero, itzuli eta segurtasun-kontrolera joan nintekeela esan zidaten", gaineratu du. Halere, kontrola pasatu ondoren, "gure zain zeuden berriro". Iturgaizen ustez, Sebinek Enbaxadaren langileak "gainetik kendu" nahi zituen. Immigrazio kontrolera eraman zuten ondoren, eta bertan ordubete itxaroten egon eta gero, Venezuelako Justizia Ministerioko funtzionario baten bisita jaso zuen.
Elkarrekin hitz egin ostean, Iturgaizen hitzetan, funtzionarioak normalean bera bezalako pertsonei "putakumea, ez bueltatu hona" esaten dietela jakinarazi zion, baina berarekin "zuhurrago" egin nahi zuela gaineratu zuen. Azkenik, Iturgaizek eta beste ikuskatzaileek hegazkinera igotzeko atera joan eta hegaldia hartu ahal izan zuten.
Horren ustez, horrek argi erakusten du Venezuela "hiritarrak zapaltzen dituen buruzagi batek gobernatzen duela, erregimen diktatoriala eta parapoliziala dela eta horrekin ados ez daudenak akabatu nahi dituela". Chavezek "nahi duenean jabetza kendu, espetxeratu eta komunikabideak itxi egiten ditu", Iturgaizen hitzetan, eta sistema osoa, hauteskunde-sistema barne, "maltzurra bihurtu da".
Iturgaizek nabarmendu duenez, "atxilotu egin naute eta pasaportea kendu didate egia biribilak esateagatik, oposizioarentzat hauteskunde bidegabeak eta desorekatuak izan direla esateagatik".