Itxi

Politika

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Edozein hauteslekutan bozkatu daiteke, errolda telematiko unibertsalarekin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sistema honi esker, boto-emaileek edozein hauteslekutan bozkatu ahal izango dute. Gainera, gutun-azalik gabe bozkatu ahal izango da, boto-papera tolestuta.

4:17
Raul Romeva

Katalunian urriaren 1 honetan egiten ari diren erreferenduma "berme guztiekin" egingo dela adierazi du gaur goizean Jordi Turull Generalitateko kontseilariak, errolda telematiko unibertsalari esker 5,3 milioi herritarrek edozein hauteslekutan bozkatu ahal izango baitute.

Hala, euren hauteslekua itxita edo zigilatuta aurkitzen duten herritarrek beste edozein tokitara jo ahal izango dute.

Bartzelonako International Press and Broadcasting Centerretik, U-1eko egunari jarraipena egingo zaion zentrotik, prentsaurrekoa eman dute Turullek eta Raul Romevak, erreferendumaren xehetasun logistikoen berri emateko.

"Mahai bakoitzean, errolda unibertsala kontsultatzeko sistema bat dago, eta, horrekin, mundu guztiak bozkatu ahal izatea bermatuko dugu, eta, era berean, botoa behin bakarrik ematea ere bai", azaldu du Raul Romevak: "Honek pixka bat mantsotuko du prozesua, baina jende guztiak botoa emateko eskubidea izatea bermatuko du".

Sistema informatiko batean sartuko dira datu guztiak, eta, hala, inork ezingo du behin baino gehiagotan botorik eman.

Gutun-azalik gabe

Generalitateak, gainera, gutun-azalik gabe ere botoa eman ahal izatea erabaki du. Jordi Turull bozeramaileak azaldu duenez, ezin izan dira Poliziak atxikitako gutun-azal guztiak ordezkatu, baina papera tolestuta sartuta, botoaren sekretuzko izaera bermatzen da.

Era berean, hauteslekuetan, behar diren boto-paper guztiak egongo direla esan du, baina, hala ere, etxean inprimatutako boto-paperek ere balioko dutela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena