Politika -
Gasteiz
Legebiltzarrak Tasio Erkizia salatzeko eskatu dio Jaurlaritzari
PSE-EEren eta PPren emendakin batean, ekintza judizialak abiarazteko eskatu dute, ezker abertzaleko buruzagi historikoak "borroka armaturako inoiz baino arrazoi gehiago" zeudela esan zuelako.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoaren kontrako ekintza judizialak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari "borroka armaturako inoiz baino arrazoi gehiago" zeudela esan zuelako.
PPren ez legezko proposamen baten harira idatzi dute emendakina popularrek eta PSE-EEk, eta UPyDk babestu duen arren, kontra agertu dira EAJ, Aralar, EA eta EB.
PPren testuan Erkiziak ekainaren 15ean Barakaldon eman zuen hitzaldi bati egiten dio erreferentzia. Ezker abertzaleko jarraitzaileen aurrean "borroka armaturako inoiz baino arrazoi gehiago" zeudela "baina baldintza objektibo eta subjektibo gutxiago" zeudela adierazi zuen.
Azkenean, aurrera atera da emendakina eta bertan "onartezin" jotzen dute "etikoki eta legalki" Erkiziak esandakoa, izan ere, "eraso onartezina da biktimen duintasunaren kontra ETAren ekintza terroristen defentsa publikoa egitea".
Era berean, Terrorismoaren Biktimen Legeak ez duela "horrelako adierazpenik onartzen" gogorarazi dute eta Jaurlaritzari "beharrezko ekintza judizialak" egin ditzala exijitu diote.
Carlos Urquijo PPren legebiltzarkideak Erkiziaren "adierazpen nazkagarriak" salatu ditu terrorismoa goratzeagatiko delitua izan litekeelako eta ezker abertzaleko gehiengoak "Erkiziak pentsatzen duena" pentsatzen duela esan du.
Gorka Maneiro UPyDren ordezkariak ere, horren harira, adierazpenek sindikatuei eta alderdiei "begiak irekiko" ote dizkien esperantza agertu du.
Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak, bere aldetik, ezker abertzaleko kideen "ahozko oldarkortasuna" gaitzetsi du.
EAJ emendakinaren kontra agertu da eta Mikel Martinez legebiltzarkideak PPren eta PSE-EEren "estrategia" salatu du, "adierazpenak asmo txarrarekin interpretatzeko eta kriminalizatzeko" joera duelakoan. Era berean, Erkiziak esan zuena "Estatuari aurre egiteko bide eraginkorrenak politikoak eta demokratikoak" direla goraipatzea izan omen zen.
Oxel Erostarbe Aralarrekoak ere uste du "testuinguruz kanpo" jarri dituztela adierazpenak eta "borroka armatuak Estatua indartzen" duela eta "ezker abertzaleari kalte egiten" diola esatea omen zen Erkiziaren helburua.
Mikel Aranak (EB) bat egin du Erostarberekin "ez dagoen lekuan ikusi nahi" izan dutelakoan, eta terrorismoaren "apologiarik ez" dagoela zehaztu du.
EAk ere ez du babestu PSEren eta PPren proposamena eta Erkizia "bake prozesu bat bultzatzeko" egiten ari den "esfortzua" azpimarratu du.