Politika -
Katalunia
Kataluniaren independentzia aintzatetsi dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek
Era berean, Kataluniaren "independentziaren ondorioak eteteko” erabakia "aintzatetsi eta errespetatzen" dutela adierazi dute ekimen batean Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniaren independentzia "aintzatetsi eta errespetatzen" duen testua adostua dute, asteazken honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJk eta EH Bilduk.
Era berean, Kataluniaren "independentziaren ondorioak eteteko” erabakia "aintzatetsi eta errespetatzen" dutela adierazi dute bere ekimenean Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Ildo horretan, "libre eta demokratikoki herriaren etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea" aldarrikatu du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak, berriz, "hitz egiteko zabaldutako tartea bi aldeen arteko jarrerak hurbiltzeko balio izatea" espero duela esan du. Hala ere, Espainiako Gobernuan "konfiantza handirik" ez duela esan du, aurrekoetan ere "elkarrizketa guztiak antzu gertatu baitira".
Bestalde, Eneko Andueza PSEko Gipuzkoako idazkari nagusiak "arduragabekeriatzat" jo du Batzar Nagusien adierazpena, eta, bereziki, EAJren jarrera gaitzetsi du, "inora eramaten ez gaituen bide baten alde apustu egiten duelako".
Ildo horretan, Gipuzkoako PPk ere EAJren eta EH Bilduren jarrera deitoratu du, "tentsioa indarberritzeko erabiltzen baitituzte Batzar Nagusiak".