Politika -
Donostian
Atxilotuta, bi edukiontziri eta kutxazain bati su ematen ari zenean
27 urteko gizonezkoak kale erasoekin lotutako aurrekariak zituen. Poliziek sua itzaltzea lortu dute.
Erredakzioa
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, Egia auzoko bi kontainer erretzeagatik eta kutxazain automatiko bati su ematen saiatzegatik.
Gertaera gaur (igandea) 06:00ak aldera jazo da. Egia auzoko kontainer bat sutan zegoela jakinarazi dute auzokide batzuek, eta, jarraian, auzo bereko Karmengo Andre Mariaren kaleko banketxe bateko alarma aktibatu egin da.
Patruilak bertaratu direnean, ertzainek gizon bat ikusi dute bi edukiontziren artean; kontainer horiek (bat papera biltzeko eta, bestea, plastikoa jasotzeko) sutan zeuden. Gizona alde egiten saiatu da, baina ertzainek geldiarazi eta identifikatu dute.
Gazteari pizgailu bat atzeman diote; antza, edukiontziei su emateko erabili zuen, oso bero baitzegoen. Udaltzainek sua itzali dute, su-itzalgailuen bidez. Halaber, ustezko egilea edukiontzi horien ondoan dagoen banketxe bateko kutxazain automatikoa ere erretzen saiatu da, kutxazainaren gainean alfonbra txiki bat eta paper batzuk jarrita eta horiek piztuta, baina kalte gutxi eragin ditu.
Atxilotua polizia-etxe batean dago. Eginbideak Madrilgo Auzitegi Nazionalari helaraziko dizkiote, terrorismoaren ustezko delitu bat egotzita.