Itxi

Politika

Katalunia

Espainiako Gobernuak 'argitasuna' eskatu dio Puigdemonti ostegunerako

Agentziak | Erredakzioa

Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearen ustez, Generalitateko presidenteak "ez dio errekerimenduari erantzun", eta ohartarazi egin du: "Elkarrizketa Kataluniako Parlamentuan gauzatu behar da".

1:32

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak "argitasuna" eskatu dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari, horren esanetan, ez baitio egoki erantzun aurreko astean jasotako errekerimenduari; izan ere, Saenz de Santamariaren ustez, Puigdemontek idatziz bidalitako erantzuna "ez da nahikoa argia" Kataluniako independentzia aldarrikatu zuen ala ez jakiteko. Espainiar Gobernuak, ondorioz, osteguneko 10:00ak arte eman dio Puigdemonti erantzun argia eman dezan; hain zuzen ere, ordu horretan amaituko da Mariano Rajoyk errekerimenduan emandako bigarren epea, eta Generalitateko presidenteak "bai" ala "ez" erantzun beharko dio horri. Espainiako presidenteordeak, halaber, uko egin dio Puigdemontek egindako elkarrizketa-eskaintzari: "Elkarrizketa ez da exijitzen, gauzatu egiten da", azaldu du, eta elkarrizketa hori Diputatuen Kongresuan eta Kataluniako Parlamentuan gauzatu behar dela nabarmendu du.

Gauzak horrela, eta 155. artikuluari dagokionez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak, Generalitateko liderrari bidalitako erantzun-gutunean, esan du Puigdemont bera izango dela arduradun bakarra "Konstituzioa aplikatu eta erabiltzen bada". Rajoyk deitoratu du Puigdemontek ez duela erantzun errekerimenduari, eta azaldu du, halaber, eskari hori aldez aurreko urratsa dela konstituzio-testuan dagoen artikulu horrek ezarrita duen prozeduran.

"Ez zen oso zaila esatea independentzia aldarrikatuta zuen ala ez, horixe zen galdera, erantzuna ez zen batere korapilatsua", esan du Santamariak, Moncloa Jauregian emandako prentsaurreko batean; Espainiako presidenteordeak nabarmendu du Puigdemontek "ziurgabetasunaren eta nahita eragindako nahasketaren egoera" luzatu duela, eta horrek "hiri-adiskidetasunarekin amaitu eta proiektu erradikala eta pobretu egiten duena inposatu nahi dionari laguntzen dio, horri bakarrik".

"Nahasketari eustea", Saenz de Santamariaren ustez, "dituen babes erradikalenak asetzeko asmoz" egin du Puigdemontek, xede izanik "egoera ahalik eta estuen jartzea".

Esan dio Kataluniako presidenteari "ez dela sinesgarria" elkarrizketarako azken horrek egindako deia; izan ere, Puigdemontek uko egin dio Kataluniako oposizioarekin eztabaidatzeko, eta aldez aurretik hartutako erabakietan oinarritutako politika ari dela egiten, "gainerako herritarrei haren iritzia inposatuz".

Ostegun honetara arteko epea

"Erantzunik eman ez duenez", esan du, "errekerimenduaren bigarren fasea sartu da indarrean"; Generalitatearen presidenteak ostegun honetako 10:00ak arte du epea ondorengo bietako bat egiteko: independentzia-aldarrikapena atzera botatzea, ala esatea, argi eta garbi, ez duela zertan atzera bota, ez baitu aldarrikatu.

Saenz de Santamariak dio konfiantza duela, eta uste duela "zuhurtzia bueltatuko" dela, Puigdemontek "bazterrak nahasteari" utziko diola, eta "azkenean argi hitz egingo duela"; bestela, katalanek "ziurgabetasunean" bizitzen jarraituko dute, eta ez dute aukerarik izango jakiteko independentzia aldarrikatuta dagoen ala ez.

Ministroak ez du datarik aurreratu, galdetu diotenean ea noiz jarriko luketen martxan 155. artikulua; Senatuak onartu behar du abian jar dadila.

Puigdemonti bidalitako gutunean, Rajoyk nabarmendu du errekerimendua "aukera" dela "Katalunian dagoen bizikidetasun-hondatze larria zuzentzeko, Generalitat berriro legera bueltatzeko eta, hortik aurrera, administrazioen arteko normaltasun instituzionala berreskuratzeko".

Esan duenez, "argitasun politikoari egindako deia da"; Kataluniako presidenteak, Rajoyren esanetan, azaldu behar die herritarrei zer gertatu den eta legeak betetzeko asmorik duen ala ez.

Catala eta Dastis ministroek ere "argitasun-eza" ikusi dute

Rafael Catala eta Alfonso Dastis Justizia eta Kanpoko Arazoetako eta Lankidetzarako espainiar ministroek ere ikusi dute "argitasun-eza" Puigdemonten erantzunean. Justizia ministro iberoamerikarren ekitaldi batean egindako adierazpenetan, Catalak adierazi du Mariano Rajoyk beste epe bat eman ziola Puigdemonti, ostegunera arte; izan ere, independentzia aldarrikatu zuen argitzeko eskatzeaz gain, Espainiako presidenteak galdetu zion ea zein neurri hartuko dituen bere betebeharrak berreskuratu ahal izateko.

Alfonso Dastisen ustez, Puigdemonten gutuna "ez da erantzun egokia" Gobernuak egindako errekerimenduaren aurrean. Horren esanetan, Generalitatearen presidenteak "ez du eman eskatzen zitzaion argitasuna", eta, halaber, "eraginik erradikalenak gailendu dira".


  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena