Politika -
KATALUNIA
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bat eginda,atxiloketa politikoen aurka
Legebiltzarreko hiru talde horiek adierazpen bateratu bat sinatu dute, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez aske uztea eskatzeko. Halaber, errepresioa albo batera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bateratu bat adostu dute, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Jordi Sanchez ANCko presidentearen espetxeratzea salatzeko. Eusko Legebiltzarreko hiru talde horien esanetan, "arrazoi politikoengatik" atxilotu dituzte eta, hori dela eta, beren elkartasuna adierazi diete kartzelatuei eta Kataluniako jendarte osoari. Halaber, errepresioaren estrategia albo batera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Aipaturiko hiru alderdi horien izenean, Lander Martinezek (Elkarrekin Podemos), Iñigo Iturratek (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu) irakurri dute adierazpen bateratua, eta Sanchez eta Cuixart kartzelan sartzea "oinarrizko printzipio demokratikoen urraketa larria" dela adierazi dute.
Horrenbestez, Cuixart eta Sanchez "berehala" aske uzteko eskatu dute eta, aldi berean, beren babesa eta elkartasuna adierazi diete atxilotuei eta Kataluniako jendarte osoari.
Horrez gain, oinarrizko askatasunak urratzeko abiatutako "errepresio estrategia" bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
"Catalunyak, Euskal Herriak eta gainerako herriek bezala, beren etorkizuna erabakitzeko legitimitate demokratikoa dute", nabarmendu dute.