Politika -
NAFARROA
Euskararen dekretuan aldaketak egitea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua
Akordio programatikoan jasota dagoen dekretua babestu du lauko Gobernuak. Oposizioak, berriz, dekretua erretiratzea eskatu dio Foru Gobernuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur adierazi duenez, Nafarroako Kontseiluak euskararen dekretuaren inguruan egindako txostena ez da "kolpea" izan, Foru Gobernuak ez du erretiratuko —oposizioak eskatzen duen bezala—. Dena den, dekretuari aldaketak egitea aztertzen ari direla onartu du. Administrazio publikoan euskararen erabilera arautzen du aipaturiko euskararen dekretuak.
PSN alderdiak Uxue Barkosen agerraldia eskatu zuen Nafarroako parlamentuan, Euskararen Nafarroako Kontseiluak egindako txostenaren inguruko bere iritzia azaltzeko eta Foru Dekretuan aurreikusitako aldaketak xehatzeko.
Nafarroako Gobernuaren asmoa administrazio publikoan ere euskara sustatzea eta arlo horretan aurrerapausoak ematea da. Barkosen esanetan, jendarteak egin eta Euskararen Nafarroaren Kontseiluak babesten duen eskaera da. Gaineratu duenez, administrazio publikoan 16.000 funtzionario badaude ere, horietatik euskara profila duten 160 lanpostu baino gutxiago daude. Aitzitik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako datuen arabera, ikasleen % 30 euskaldunak dira eta hori bezalako datuek erakusten dute, Uxue Barkosen esanetan, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dela. Ildo horretan, egungo araudia "murriztailea" dela salatu du.
Barkosek nabarmendu duenez, nahiago luke legearen erreforma egitea, baina ez da posible horretarako gehiengorik ez dagoelako. Halaber, euskara meritu gisa baloratzea "diskriminazioa" dela esatea "zentzugabekeria" bat dela azpimarratu du.
Aurreikusitako aldaketez galdetuta, oraindik ezin duela ezer aurreratu adierazi du. Hala eta guztiz ere, "seguruenera" aldaketaren bat izango dela gaineratu du. Orain, zerbitzu juridikoak eta Euskarabidea lanean ari omen dira balizko aldaketak aztertzeko.