Politika -

Barne-hauteskundeak

Gomez hautagairik 'onena' dela onartu du Zapaterok

Garaipena lortu eta gero Tomas Gomezek "alderdi guztia bat eginda izango duela badaki", adierazi du Gobernuko presidenteak barne-hauteskunde sozialisten ostean egindako lehen adierazpenetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Irabazten duena onena da, irabazten duenak merezi du", esan du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak Tomas Gomezi buruz. Madrilgo militante sozialistek Gomez aukeratu zuten PSOEko zerrendaburu izateko erkidego horretako hauteskundeetan.

Jimenezen aurrean garaipena lortu eta gero Tomas Gomezek "alderdi guztia gaur bat eginda izango duela badaki, barne-hauteskundeak egin ez balira baino gehiago", adierazi du Zapaterok iragan igandeko barne-hauteskunde sozialisten ostean egindako lehen adierazpenetan.

Prozesuaren "erantzukizuna" berea dela eta PSOEren izaera "demokratikoa" agerian utzi duela adierazi du Zapaterok. Tomas Gomezi babesa eman dio agintariak, nahiz eta hasiera batean Osasun ministroaren aldeko apustua egin. Gertatutakoak PP, eta konkretuki Esperanza Aguirre Madrilgo presidentea, kezkatu behar duela ziurtatu du buruzagi sozialistak.

"Demokrazia guztien gainetik"

"Beti arrazoia dugunik ezin dezakegu pentsatu", Zapateroren hitzetan, baina arduradun politikoek ideia bat defenda dezaketela erantsi du: "Demokrazia guztien gainetik".

Senatuko korridoreetan egin ditu adierazpenak Exekutiboko presidenteak. "Madrilgo erkidegoan Gobernu aldaketa bat lortzeko baldintzarik onenetan dago Gomez", esan du Zapaterok. Izan ere, Alderdi Popularrak 16 urte daramatza boterean.

Bestalde, Gomezi laguntzeko Madrilgo zerrendetan joatea "beharrezkoa ez" dela adierazi du Trinidad Jimenez Osasun ministroak, baina "bere esanetara" dagoela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea