Politika -

ESPAINIA

Poliziako eta DGTko funtzionarioen ustelkeria sare bat desegin dute

Guztira, hamalau pertsona atxilotu dituzte Grapa operazioan, Polizia zerbitzuz, uniformez, elikagaiz eta materialez hornitzeko kontratuekin azpijokoa egitea egotzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziaren sei funtzionario eta Espainiako Trafiko Zuzendaritzako (DGT) beste funtzionario bat atxilotu dituzte, enpresaburuei kontratuak esleitzearen truke mesedeak eta onura pertsonalak eskuratzea leporatuta.

Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, atxilotuetako sei Poliziaren Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioak dira, bat Espainiako Trafiko Zuzendaritzako funtzionarioa eta beste zazpiak, berriz, esleipen horiek lortu zituzten enpresekin lotutako pertsonak. Madrilgo 50. Instrukzio Epaitegia eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza ari dira ikertzen eta auzia sekretupean dago.

Aipaturiko iturrien arabera, Avilako Akademian, Madrilgo Canillaseko Poliziaren gunean edota Poliziaren Operazio Berezietako Taldearen basean eragina izan du sareak, janari zerbitzuan.

Ustelkeriaren eta krimen antolatuaren kontrako Fiskaltzak ohar bidez jakinarazi duenez, Grapa izeneko operazioan hainbat delitu ikertzen ari dira: talde kriminaleko kide izatea, administrazio publikoari iruzurra egitea, prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, Ogasunaren kontrako delitua eta kapitalak zuritzea.

Fiskaltzaren esanetan, aipaturiko funtzionario publikoek modu bidegabean onura ekonomikoa lortu dute, kontratu publikoak enpresa pribatu jakinei esleituz.

Atxiloketez gain, 22 miaketa egin dituzte Madrilen, Pozuelo de Alarconen, Mostolosen, Navalcarneron, Avilan, Arenas de San Pedron eta Guadalajaran.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Funtzionarioak Espainia Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeriaren mapa Espainian Gaurko azken orduko albistea