Politika -
Auzitegi Nazionala
Zengotitabengoa aske gera daiteke 30.000 euroko bermepean
Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak Zengotitabengoa galdekatu du, Belgikako Justiziak asteazken honetan ETAko ustezko kidea entregatu ostean.
Erredakzioa
Luis Maria Zengotitabengoa Fernandez ETAko ustezko kidea espetxetik atera daiteke datozen orduetan, 30.000 euroko fidantza ordaintzen baldin badu, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Zengotitabengoa abuztuaren 21ean atxilotu zuten Ostenden (Belgika), Portugalen atzemandako lehergaiekin zerikusia zuelakoan.
Horrela erabaki du gaur Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak, Zengotitabengoa galdekatu eta gero, Belgikako Justiziak asteazken honetan ETAko ustezko kidea entregatu ostean.
2010eko hasieran ETAk Portugalera eraman zituen lehergaien lekualdatzea ikertzen ari da epailea, eta erabaki hori hartu du Luis Barroso Fiskalak hala eskatuta. Izan ere, atxilotua espetxera bidaltzeko zantzu nahiko ez direla uste du fiskalak.
Lehergaiekin kargatutako furgoneta
Konkretuki, Luis Maria&' || 'nbsp; Zengotitabengoa urtarrilaren 9an, Bermillo de Sayagon (Zamora), atzemandako furgonetarekin lotzen zuten agiriak zituen Guardia Zibilak. Furgoneta lehergaiez kargatuta zihoan.
Garikoitz Garcia Arrieta ETAko ustezko kidea furgonetako gidaria zen eta Guardia Zibilaren ibilgailu bat hartuta Portugalera ihes egin zuen, baina bertan atxilotu zuten. Gainera, Iratxe Yañez Ortiz de Barron atxilotu zuten beste auto batean.