Politika -
Udalen Elkartea
PSEk Eudel utz dezake Bildarratzek 'jarrera' aldatzen ez badu
Barakaldo, Irun, Ermua, Basauri eta Iruña Okako alkateek salatu dute erakundearen presidenteak "jarrera alderdikoia" erakutsi duela.
Erredakzioa
PSE-EEk Eudelen dituen ordezkariek ez dute "baztertzen" Euskadiko Udalen Elkartea uztea Jokin Bildarratz presidenteak (EAJ) "jarrera alderdikoia" aldatzen ez badu eta "adostasunera itzultzen ez bada".
Horixe iragarri dute sozialistek Eudelen dituzten alkateek prentsaurreko batean. Bertan izan dira Tontxu Rodriguez (Barakaldoko alkate eta Eudelen presidenteordea), Jose Antonio Santano (Irun), Carlos Totorika (Ermua), Loly de Juan (Basauri) eta Jose Javier Martinez (Iruña Oka).
Urriaren 1ean emandako prentsaurreko batean, Bildarratzek zalantzan jarri zuen Jaurlaritzak Udalen Legea onartzeko asmoa duela, eta alderdi politikoekin legeari buruzko bilera-sorta bat egingo zuela iragarri zuen.
Alkateei eta zinegotziei igorritako gutunean, Eudelek "estrategia politiko bat" markatzen duela eta "adostu ez diren gogoetak" aurkezten dituela salatu du Santanok, izan ere, horrela erakundearen "aniztasun ibilbidea hautsi" omen du.
Bildarratzek Eudel helburu "alderdikoiekin" erabili duela gaitzetsu du Rodriguezek eta "jarrera hori aldatu ezean" sozialistek "Eudelen exekutiban egon ala ez" erabakiko dutela eta "elkarte uztea" ez dutela "baztertu" azpimarratu du.