Politika -
Absoluzio-epaia
Txori Barrote konpartsako arduradunak absolbitu dituzte
Txori Barrote konpartsako lau kide errugabetu ditu gaur Auzitegi Nazionalak; terrorismoa goraipatzea leporatzen zieten, iaz Bilboko Aste Nagusian euren txosnan presoen argazkiak erakusteagatik.
Erredakzioa
2009ko uztailaren 29an, Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak salaketa jarri zuen, terrorismoa goraipatzea egotzita, Txori Barroteko txosnan, presoen argazkien artean, bere aita hiltzea leporatuta kondenatutako bi pertsonen irudiak zeudela ikusi eta gero.
Gaur ezagutzera eman den epaiaren arabera, ETAko presoen argazkiak erakutsita ez zegoen "biktimak gutxiesteko edo iraintzeko" asmorik.
Ildo horretan, txosnan jarritako presoen kartelek ez dituzte biktimak "gutxiesten eta iraintzen, eta ez die ospea galarazten”; "presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko aldarrikapen elementua" dira, auzitegiaren arabera.
Era berean, epaiak dioenez, presoen argazkien inguruan ez zegoen ez Askatasunaren ez Amnistiaren aldeko Mugimenduaren ikurrik, eta "txosna osoan ez zegoen ez ETAren aipamenik, ezta talde terroristarekin harremanik duen ikurrik ere". Dena den, "hiltzaileen argazkien erakusketa publikoak salaketaren egileen sentsibilitatea eta sentsibilitate publikoa mindu lezake", idatzian irakurri ahal denez.
Epaia ez da irmoa, eta bost eguneko epea dago, forma edo lege urratzea egotzita, kasazio helegitea aurkezteko.
Eusko Jaurlaritza
"Justiziaren erabakiak errespetatzen" dituela, baina Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren "guztiz kontra" dagoela esan du Herrizaingo Sailak.
Erabaki judizialaren argudioekin ados ez dagoela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. "Espazio publikoetan terrorismo delituengatik zigortutako presoen argazkiak jartzeak zigortuak omentzeko helburu bakarra duela uste du herritarren gehiengoak", Herrizaingo Sailaren hitzetan.