Politika -

Hispanitatearen Eguna

Erregeak eta Printzipeak Zapateroren aurkako oihuak gaitzetsi dituzte

Felipe Printzipeak kazetariei azaldu dienez, oihuek eta txistuek ez dituzte serioak izan beharko luketen momentu batzuk errespetatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Erregeak eta Asturiasko Printzipeak gaitzetsi egin dituzte Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen kontra, Hispanitatearen Egunean, entzun dituzten txistu eta oihuak, momentu serioak errespetatu ez dituztelako eta azken urteotan errepikatu egin direlako, Felipe Printzipeak gogora ekarri duenez.

Hispanitatearen Egunaren harira Erret Jauregian kazetariei egindako harreran, Juan Carlos Erregea gustura agertu da militarren desfilea beste urte batzuetan baino murritzagoa izan delako krisi ekonomikoagatik.

Erregeak Hispanitatearen Eguneko ospakizunak zaintzeko eta bultzatzeko beharra azpimarratu du.

Desfilea

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen kontrako oihuak eta txistuak, eta Venezuelako bandera desfilean agertu ez izana, izan dira Hispanitatearen Eguneko protagonista nagusiak.

Juan Carlos Espainiako erregea, Sofia erregina, printze-printzesak eta infantak izan dira harmaila nagusian eserita izan direnak, Madrilgo Lima plazan, 3.000 militarren (iaz baino mila gutxiago) desfilea ikusten.

Zapatero ekitaldia hasi baino hamar minutu lehenago iritsi da eta Esperanza Agirre Madrilgo Erkidegoko presidentearekin eta Alberto Ruiz Gallardon hiriko alkatearekin hitz egin ondoren, Errege-erreginei harrera egin die.

Zapatero jendearen aurrera agertu denean, publikoaren zati batek haren kontra oihu egin du, "kanpora!" eta "Zapatero, dimisioa" oihukatu diote eta txistu hotsa nabaria izan da isiluneak sortzen zirenean.

Venezuelako banderarik, ez

Beste momentu polemikoa Venezuelako banderarik agertu ez denean sortu da. Hegoamerikako herrialdeak gonbidatuta zeuden independentziaren bigarren mendeurrena ospatzeko, baina Argentina, Txile, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Paraguay, Bolivia eta Mexikoko ordezkariek parte hartu duten arren, Venezuelakorik ez da agertu.

Defentsa Ministerioko iturriek azaldu dutenez, Venezuelako enbaxadak desfilea hasi baino ordubete lehenago abisatu die ordezkaririk ez zela bertaratuko, joan behar zuenak eritasunen bat zuelako.

Legegintzaldi honetan lehenengo aldiz, erkidegoetako presidente gehienak izan dira ekitaldian. 2009an zortzi eta 2008an bost besterik ez ziren izan.

Jose Montilla Generalitateko presidentea ere (aurreko bi urteetan ez da izan) Madrilgo desfilean izan da eta Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidali du bigarrenez; Isabel Celaa Hezkuntza sailburua hain zuzen. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea izan ziren iaz.

Aipatutakoez gain, ondoko presidenteak ere izan dira: Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentea, Vicente Alvarez Areces Asturiasko Printzerriko presidentea, Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentea, Miguel Sanz Nafarroako presidentea, Marcelino Iglesias Aragoikoa, Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongoa, Jose Maria Barreda Gaztela-Mantxakoa, Guillermo Fernandez Vara Extremadurakoa eta Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidentea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea