Politika -
Elkarrizketa ETBn
Eskoltari uko egin nahi dion jende gehiago dagoela aitortu du Prietok
PSE-EEren Arabako idazkari nagusiak esan du errespetatzen duela Urchegiren erabakia baina ez duela iritziarekin bat egiten, segurtasuna ez baita "arazo indibiduala; kolektiboa, gizartearena baizik".
Erredakzioa
Txarli Prieto PSE-EEren Arabako idazkari nagusiak aitortu du pertsona gehiago daudela, Jose Maria Ruiz Urchegui Adegiren idazkari ohiaren gisara, eskoltari uko egitea "pentsatzen" ari direnak, "nekeagatik".
ETB-2ren "Egunon Euskadi" saioan Prietok azaldu duenez, Gipuzkoako patronalaren buru ohiaren erabakia "pertsonala" da, beraz, errespetatu egiten omen du, baina ez du iritzi horrekin bat egiten segurtasunarena "ez baita arazo indibiduala; kolektiboa, gizarte osoarena, baizik, botere publikoak babestu" egin behar direlako.
"Gizarte demokratiko baten oinarrizko baldintza bizitzeko eskubidea da, Estatu batek gizakien bizitza babestu behar du lehenik, eta segurtasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubiderik ez badago, ez dago eskubiderik, dena hor bukatzen da eta", zehaztu du Prietok. Hori dela eta, segurtasunaren gaiak "botere publikoen esku" egon behar duela iritzi dio.