Politika -
Auzitegi Nazionalean
Unai Fano eta Maria Lizarraga epaitzen hasi dira
Akusatuek ETAko agiriak zituztela berretsi dute 2008an Fano eta Lizarraga atxilotu zuten polizia frantziarrek.
Erredakzioa
Unai Fano eta Maria Lizarraga ETAko ustezko kideak atxilotu zituzten unean aldean ETAko faltsutze taldeak sinatutako agiri bat, dokumentazio faltsua, armak eta lehergailuak egiteko materiala zituztela berretsi dute gaur Auzitegi Nazionalean Frantziako hainbat poliziak.
2008an akusatuak atxilotu zituzten jendarmeek deklaratu dute gaur Auzitegi Nazionalean. Fano eta Lizarraga Chorigneuxen, Trelinsetik (Frantzia) gertu, kanpatuta zeudela atzeman zituzten.
Fiskalak 21 urte eta 7 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Fanorentzat eta Lizarragarentzat, besteak beste, ETAko kideak izatea eta armak edukitzea egotzita. Akusatuek ez dute deklaratu nahi izan, ez baitiote auzitegiari “zilegitasunik” aitortzen.
Jendarmeen hitzetan, atxilotu zituztenean ETAko kide izatea onartu zuten akusatuek, baina ez zuten abokatuen laguntzarik eduki; izan ere, neurri hori ez da Frantziako Legedian agertzen.
Ildo horretan, Frantzian terrorismo kasuetan erabiltzen den protokoloa bete zutela esan dute guztiek.