Politika -
Elkarrizketa ETBn
Patxi Lopez: 'Batasunak ETArekin haustea erabakigarria izango da'
Ezker abertzaleak ETArekin apurtu duela baieztatzen duenean, datozen hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dela adierazi du lehendakariak.
Erredakzioa
Politika egiteko bide demokratikoak aukeratu behar dituela ulertu du "behin betiko" Batasunak, Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan. Ezker abertzaleak ETArekin apurtu duela "ekintzekin baieztatzen" baldin badu, hauteskundeetan eta erakundeetan egon ahal izango duela erantsi du Lopezek. Hala ere, "hori beraiek egin behar" dutela zehaztu du. Lehendakariaren ahotan, "beraiek ireki nahi ez dituzten ateak ez ditugu zabaldu behar", eta "ez dugu amildegira saltorik egin behar".
Africa Baeta eta Asier Odriozola kazetariek egindako galderei erantzun die Patxi Lopezek ETBn. Ekintzetara pasatzeko garaia dela adierazi du Lopezek. "Ezker abertzaleak indarkeriarekin hautsi duela demostratzen eta baieztatzen baldin badu, eta terrorismoarekin amaitzeko guztiekin batera lan egiten duenean, hauteskundeetara aurkeztu, politika egin eta erakundeetan egon ahal izango dira", erantsi du.
Lopezen ustez, "Justiziak politika egitea eragozten ez" diola ulertu du Batasunak, "ETAk baizik". "Demokratek amildegira salto egin behar dutela pentsatzen badugu oker arituko gara, Batasunak eta ETAk egin beharrekoa, egin ez dutenean", azaldu du lehendakariak. Horregatik, pauso horiek eman bitartean, terrorismoaren aurrean "irmotasun demokratikoa eta zero tolerantzia" mantentzeko deia egin du agintariak.
Bakegintza gaietan "profil baxua" mantentzen duenik ukatu du lehendakariak, eta ETAren aurrean alderdien batasuna berreskuratu dutela azpimarratu du: "Zapaterok, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, gauza berdina esaten dugu".
Gainera, bakegintza arloan, PSEn ikuspegi ezberdinak daudenik ukatu du buruzagi sozialistak.
Nazioarteko bitartekarien paperari uko egin dio Lopezek, "bakegintzako adibiderik onena Euskadin dagoelako".
Presoen argazkiak kentzen jarraituko dutela nabarmendu du Lopezek, nahiz eta Auzitegi Nazionalak Txori Barrote Bilboko txosna absolbitu. "Legezkotasunik ezaren aurka egingo dugu", adierazi du, "biktimak iraintzen dituen gai moral eta etikoa delako".
Aurrekontuak
Bestalde, Gasteizko Gobernuko buruak esan du Zapatero eta EAJ "Aurrekontuen negoziazioaren azken txanpan" daudela, hurrengo asterako itxita egon behar baita.
Lopezek azaldu duenez, berak Euskadiren alde egin behar du, eta Euskadirentzat "ona" da Espainiak Aurrekontuak izatea, "nazioarteko merkatuek herrialdean konfiantza izatea behar baitugu". "Ona da EAJk Espainiaren gobernagarritasunarekin konpromisoa izatea eta transferentziak egotea", gaineratu du.
"Nik negoziatu dut autogobernua. Eusko Jaurlaritzak politika aktiboen eskuduntza mahaigaineratu duenean, badirudi EAJri gogoak piztu zaizkiola. Ongietorria izan dadila guk EAJ norabide horretan jartzea eragin izana", esan du.