Politika -
Batasunako buruzagi ohia
Jose Luis Elkoro espetxetik atera da osasun arrazoiengatik
Zortzi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Batasunako buruzagi ohiari eta Dueñaseko (Palencia) kartzelatik Martutenera ekarri zuten abuztuan. Geratzen zaion zigorra bere etxean beteko du Elkorok.
Erredakzioa
Jose Luis Elkoro Batasunako buruzagi ohiari zortzi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea egotzita. KAS-EKIN egitura ikertu zuen auzian zigortu zuten. Elkoro Martuteneko kartzelatik (Donostia) atera da ostegun honetan osasun arrazoiengatik, espetxeetako iturriek jakitera eman dutenez.
75 urteko Elkoro Dueñaseko (Palencia) espetxetik Donostiako kartzelara lekualdatu zuten iragan abuztuan eta geratzen zaion zigorra bere etxean beteko du, presoaldi arinduan eta kontrol telematikopean.
Batasunako buruzagi ohiak tratamendua behar du, baina bere etxetik ateratzeko baimena eskatu beharko dio espetxeari. Gainera, ekintza politikoetan parte hartzea debekatuta izango du eta Donostiako kartzelan agertu beharko da astero, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez.
Elkoro Egin egunkariko administrazio-kontseiluko zuzendaria izan zen eta Auzitegi Nazionalak 24 urteko espetxe-zigorra ezarri zion 2007ko abenduan, 18/98 sumarioko epaiketan ezarritako zigorrik handiena, alegia. Hala ere, Gorenak zigorra zortzi urtera txikitu zion 2009ko maiatzean.
Elkoro ezker abertzaleko buruzagi historiko bat da eta Batasunako Mahai Nazionaleko kidea izan zen. Gipuzkoako senatari aukeratu zuten 1989an. 2007ko abenduaren 5ean atxilotu zuten Bergaran, baina hiru egun geroago aske geratu zen. 2009ko apirilaren 30ean berriro atxilotu zuten eta orduz geroztik kartzelan zegoen.