Politika -

EPAIKETA

Hasi da Parisen ETAren azken hilketaren apelazio epaiketa

Jean-Serge Nerin jendarmearen hilketagatik zigortutako sei lagunetatik lauk helegitea jarri zuten. Datozen lau asteetan egingo dute saioa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisen gaur hasi da 2010eko martxoan Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzeagatik zigortutako lagunetako lauren kontrako apelazio epaiketa. 2015eko abenduan zigortutako sei lagunetatik lauk helegitea aurkeztu zuten eta, ondorioz, berriro ere akusatuen aulkian eseriko dira. Auzi saioa datozen lau asteetan egingo da. Nerin ETAk eragindako azken biktima izan zen.

Hauek eseriko dira gaurtik aurrera aulkian: Arkaitz Agirregabiria, Josu Urbieta, Xabier Goienetxea eta Izaskun Lesaka.

Lau pertsona horiek helegitea aurkeztu zuten, ez ordea Mikel Karrera Sarobek eta Joseba Fernandez Aspurzek, hilketa horregatik zigortutako beste bi lagunek. Mikel Karrerari biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten Nerin jendarmeari tiro egiteagatik. Halaber, Joseba Fernandezek 16 urteko kartzela zigorra jaso zuen. Gainerako lau lagunei 14 eta 25 urte bitarteko kartzelaldia jarri zieten.

Gaur hasi den auzi saioan, lau akusatuek beren buruak identifikatu dituzte Stephane Duchemin epaimahaiko presidentearen aurrean, eta ondoren epaiketako egitaraua aurkeztu dute.

Segidan, 2010eko martxoaren 10ean gertatutakoaren laburpen bat irakurri dute. Parisetik 50 kilometro ingurura dagoen Villiers en Biere udalerrian ETAko kideen eta Frantziako Poliziaren arteko tiroketan, Jean-Serge Nerin jendarmea hil zen.

Aurreikuspenak betetzen badira, epaimahaiak hitz egiteko aukera emango die gaurko saioan lau akusatuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Frantzia ETA albisteak Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak