Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Venezuelak ez du frogarik ETAko kideak han trebatu zirela pentsatzeko
Isaias Rodriguez Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak esan du Chavezen Gobernua ez datorrela bat ETArekin.
Erredakzioa
Isaias Rodriguez Venezuelako Gobernuak Espainian duen enbaxadoreak esan du Chavezen Gobernua ez datorrela bat ETArekin, eta ez du arrazoirik ikusten ETAko kideak han trebatu zirela pentsatzeko.
Ez dute uste ETAko kideak han trebatu direnik, edo gutxienez ez dute frogarik hori pentsatzeko, baina hala gertatu zela egiaztatzen badute, ikerketaren ondoren ardurak argituko dituztela azpimarratu du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Rodriguezek azaldu duenez, Chavezen Gobernua ez dator bat ETArekin eta komunikabide batzuk Venezuelaren Gobernuaren izena leku txarrean eta "egoera zailean" uzten saiatu direla salatu du.
Haren esanetan, "nolabait" Hugo Chavezen "oinarriak hondatzen" saiatu dira. Dena dela, "emaitzarik ez" dutela lortu eta hauteskundeetan "arrakasta" izan zutela azpimarratu du.