Publizitatea
Itxi

2017/12/02

17:39

Politika

ARALARREN VII. KONGRESUA

Ofizialki deseginda geratu da Aralar alderdia, 16 urteko ibilbidearen ondoren

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Alderdia desegitearen alde bozkatu du militantziaren %91,2k eta hemendik aurrera EH Bildun jarraituko dute. Patxi Zabaletak eman dio amaiera Iruñeko Baluarten egin duten Kongresuari.

0:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aralar alderdia ofizialki deseginda geratu da gaur Iruñean, 16 urteko ibilbide politikoari amaiera eman dion Kongresuan. Militantziaren %91,2k erabaki horren alde bozkatu du eta EH Bilduren baitan jarraituko dute orain ezker abertzale "zibil eta anitzaren" alde lanean, "bide berriak" eraikiz.

Hala esa du Rebeka Uberak, orain arte alderdiko idazkari nagusia izan denak. Berak eta Patxi Zabaletak, Herri Batasunatik sortu zen alderdiko bultzatzaileak, hartu dute hitza Iruñeko VII. Kongresuan. Han izan da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea ere, koalizio horren baitan bilduko baitira hemendik aurrera Aralarreko militanteak.

Sortuko ordezkariak, Abertzaleen Batasunekoak, Eusko Alkartasunekoak, EAJkoak, Alternatibakoak eta ELA, LAB nahiz Steilas sindikatuetako ordezkariak ere Iruñean izan dira, beste hainbat gizarte eragilerekin batera. Kataluniako, Galiziako, Kurdistango eta Saharako ordezkari independentistak ere azken biltzar honetan izan dira. Internazionala euskaraz abestuz hasi dute ekitaldia eta Eusko Gudariak kantatuz amaitu dute.

Desegitearen ponentzia militantziaren %91,2ren botoekin onartu da, eta %6,2k kontra bozkatu du. Hala, ponentzia onartu ostean, Rebeka Uberak hitza hartu eta bereziki gogoan izan nahi izan ditu "ideia eta militantziagatik askatasuna eta bizitza galdu dutenak, eta erbestea ezagutu dutenak".

Bertaratu diren militanteei eskerrak eman dizkie azken 16 urte hauetan erakutsitako konpromisoagatik, baina hau ez dela amaiera ere ohartarazi die: "hau ez da amaiera, Aralarren sentsibilitateak aurrera jarraitzen baitu. Honek ez du esan nahi gure konpromisoa amaitu denik, horrek ez baitu ez hasiera ez amaierarik", eta ildo horretan, gaurko ekitaldiak "ziklo bat itxi eta beste bat irekitzen" duela nabarmendu du.

Etorkizuna

Etorkizunari buruz bi kezka partekatu nahi izan ditu. Batetik: "euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk" eta horregatik, "hezkuntza, kultura eta euskara ezinbestekoak dira etorkizuna sortzeko", esan du, baina zalantzak ere agertu ditu ea egungo agintariek "behar den garrantzia" ematen ote dioten horri.

Arnaldo Otegiri ere mezu zuzena igorri dio, ezberdinatasunak gainditzeko gai izan direla nabarmendu ondoren, EH Bildun "ondoan" izango dituela esan dio, Kataluniakoa bezalako prozesu bat aurrera eraman dezan, besteak beste.

ARNALDO OTEGI PATXI ZABALETA ARALAR DISOLUCION. Foto: EFE

Patxi Zabaletak eman dio amaiera ekitaldiari

Patxi Zabaleta buruzagi historikoak eman dio amaiera ekitaldiari. Eskerrak eman dizkie babesa eman dieten guztiei baina baita barne eztabaida sustatu dutenei eta etsai politikoei ere, "borroka, lehia, debatea eta eztabaida" direlako "politikaren oinarriak", "elkarrizketa, adostasuna bilatzea eta akordioak lortzea" bezala.

Oriol Junqueras eta "Kataluniako gainontzeko preso politikoei" agur bat bidaltzeko ere probestu du bere interbentzioa.

Eta Euskal Herriaz, "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu du, baita "presoentzako amnistia eta beste hainbat neurri demokratiko ere", "borroka armatua amaitu ondoren beste herrietan gertatu den bezala".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;