Politika -
Miaketa Katalunian
Polizia Kataluniako Estatistika Institutuan sartu da U-1eko erroldaren bila
Carles Puigdemonten Gobernuak erreferenduma egiteko erabilitako erroldaren bila sartu da Polizia Nazionala. Miaketa bukatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionala Kataluniako Estatistika Institutuan sartu da astearte honetan, Bartzelonako Argibideetako 13. Epaitegiak aginduta. Carles Puigdemonten Gobernuak urriaren 1eko erreferenduma egiteko erabilitako erroldaren bila aritu dira agenteak, Europa Press albiste-agentziak Poliziaren iturriak aipatuz jakinarazi duenez. Miaketa 15:00ak inguruan bukatu da.
Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak jakitera eman duenez, epaileak eskatutako informazioa jaso ez izana izan da miaketa horren arrazoia.
Miaketa hori abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetarako kanpainaren lehen egunean gertatu da, Mariano Rajoyren Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri eta gero.
Bartzelonako 13. epaitegiak ikerketa abiatu zuen Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatzeko Generalitateak erabili zituen Estatuaren azpiegiturak argitzeko. Epaitegi berak agindu zuen Generalitateko hainbat egoitzatan sartzea (41miaketa egin zituzten) eta 14 pertsona, tartean Gobernuko goi kargudunak, atxilotzea, urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren eta Generalitatearen kontrako operazio batean.
Jose Antonio Nieto Estatuko Segurtasun idazkariak Bartzelona bisitatu duen egunean egin dute miaketa. Abenduaren 21eko hauteskundeei begira, Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen dispositiboa antolatzera joan da Nieto astearte honetan Bartzelonara.