Politika -
Kale indarkeria
Gazte bat atxilotu dute Ortuellan, ertzainen aurkako erasoa egotzita
Asier Rodriguez Lopez da atxilotua. 2001an izandako Ertzaintzaren aurkako eraso batean parte hartzea leportau diote, terrorismoaren aurkako iturriek adierazi dutenez.
Erredakzioa
Ertzaintzak gazte bat atxilotu du gaur Ortuellan, 2001an izandako Ertzaintzaren aurkako eraso batean parte hartzea egotzita.
Terrorismoaren aurkako iturriek jakinarazi dutenez, Asier Rodriguez Lopez da atxilotua. Urioste auzoan atxilotu dute gaur goizean, Ortuellan.
Iturri berdinaren arabera, 2001an zazpi gaztek egindako erasoarekin erlazionatu dute Rodriguez. Ertzaintzaren patruila bati molotov koktelak jaurtitzea leporatu diote atxilotuari. Erasoaren ondorioz bi ertzainek zauri larriak pairatu zituzten.
Erasoan parte hartu zuten zazpi gazteetatik seik kartzela zigorra jaso zuten, tartean Arkaitz Goikoetxea ustez ETAko ''Bizkaia'' taldeko burua. Epaileak 22 urteko kartzela zigorra ezarri zion Goikoetxeari erasoan parte hartzeagatik.
Asier Rodriguez atentatuan parte hartu zuela probatzeko ikerketa zientifikoa erabili du Ertzaintzak. Eguerdiko 12:00etan Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak agerraldia egingo du operazio honen nondik norakoak azaltzeko.