Politika -
Ekitaldia Katalunian
'Haustura traumatikoa ekidingo du', esan du Rajoyk 'brexit'aren akordioaren inguruan
Kataluniako hauteskunde kanpainako ekitaldi batean egin du balorazioa Espainiako presidenteak. Bertan, PPren aldeko botoa eskatu du, "Katalunian elkarbizitza berreskuratzeko",
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, albiste ona da 'brexit'aren oinarriak adostu izana, akordio horrek "ondorio oso negatiboak izan ditzakeen haustura dramatikoa ekidingo duelako", esan du Rajoyk.
Ostiral honetan egin du balorazioa Lleidan, Kataluniako hauteskunde kanpainako PPren ekitaldi batean. "Espainiak beti egin izan du akordioaren eta akordio hori azkarra izatearen aldeko apustua", esan du Rajoyk.
"Garrantzitsua da indarrean dauden legeak eta prozedurak errespetatuta egin izana, horrela egiten baitira gauzak Europa osoan", gaineratu du.
Rajoyk negoziatzaileak zoriondu ditu, "hausturaren kalteak murrizteko egindako ahaleginagatik". "Kalteak egongo dira, baina murrizten baditugu, hobe denontzat", esan du. "Europarentzat albiste ona da. Orain, espero dugu datorren urteko urrian erabat ixtea”, gaineratu du.
Hauteskunde kanpaina Katalunian Espainiako Gobernko presidenteak Kataluniako hauteskunde kanpainari lotutako bazkari-mitin batean egin du balorazioa eta PPren aldeko botoa eskatu du bertan, "Katalunian elkarbizitza berreskuratzeko".
Rajoyren ustetan, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da bere alderdia Kataluniako Parlamentuan egotea. Rajoyk gaineratu du abenduaren 21eako hauteskundeen ostean "garai berri bat" abiatu behar dela, "zenbait agintari politikoren amets eta kimerak albo batera utziko dituen garaia", esan du. "Espainia da irtenbidea Kataluniarentzat", adierazi du hauteskunde leloari aipamen eginda. "Espainiaren inguruan gaizki hitz egiteari uzteko garaia da. Hitz egin dezagun ondo eta sentitu gaitezen harro", defendatu du.