Politika -
PARISKO MANIFESTAZIOA
Arzuaga: 'Presoen eskubideak urratzen jarraitzen du Espainiak'
Presoen eskubideen defentsan, atzo, Parisen egin zen manifestazioaren 'aniztasuna' azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
EITB.EUS
Espainiako Gobernuak "preso politikoen giza eskubideak urratzen" jarraitzen duela nabarmendu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Atzoko manifestazioari buruzko balorazioa egin du Arzuagak, gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Durangon. Ezker abertzaleko kidearen iritzian, "arrakastatsua" izan zen atzoko manifestazioa, "kualitatiboki eta kuantitatiboki".
"Batetik, kuantitatiboki, suposatu zuen milaka eta milaka lagun mobilizatzea. Kualitatiboki, berriz, deialdi anitza, zabala eta transbertsala izan zen", azpimarratu du.
Horren iritzian, Parisko manifestazioan dei zuzena egin zitzaien Frantziako eta Espainiako gobernuei, euskal presoen giza eskubideak errespeta ditzaten. "Giza eskubideak tresna izan behar dute, presoen oinarrizko eskubideak egikaritzeko", gaineratu du.
Bestalde, Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen presoaren egoeraz hitz egin du Arzuagak. "Mendeku politikak" alde batera uzteko eta Iparragirreren eskubideak errespetatzeko eskatu dio Espainiari. "Ibonek etxean eta libre behar du", esan du.