Politika -

Polizia operazioa

Rubalcaba: 'Ez dugu ETAk bere harrobia berregitea onartuko'

Lehergailuak egiteko argibideak, material informatikoa eta 36.000 euro atzeman ditu Poliziak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteorde eta Barne ministroak Segiren aurkako polizia operazioari buruz hitz egin du; Rubalcabaren hitzetan, operazio horretan lehergailuak egiteko argibideak, material informatikoa eta “diru kopuru garrantzitsu bat" atzeman dute, 36.000 euro inguru.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Rubalcabak esan du “ETAren harrobitzat” jotzen duten gazte taldearen aurkako operazioak "zabalik" jarraitzen duela; ildo horretan, "aztarnetan oinarrituta" 13 atxilotuetako batzuek kale borrokako ekintzetan parte hartu dutela "pentsa dezakegu", adierazi du ministroak.

Era berean, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek kale borrokari jazartzen jarraituko dutela adierazi du. Halaber, Gobernuak ez diola ETAri “bere harrobia berregiten utziko" esan du. "Harrobi hori inoiz ez da talde titularrera iritsiko", gaineratu du Rubalcabak.

Bartzelonan atxilotutako lagunaren harira, atxiloketa hori "zirkunstantziala" izan dela eta probintzia horretan ETArekin "zerikusirik duen ezer” ez dagoela esan du ministroak.

Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Bartzelonako eta Iruñeko Informazio Taldeetako 300 poliziak hartu dute parte operazioan, Informaziorako Polizia-etxe Nagusiak koordinatuta eta Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegi Zentralak eta Fiskaltzak zuzenduta.

Gaurko operazioak Segiko azpiegitura desegiten lagundu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea