Politika -
Aldaketak
Rubalcaba: 'Zapaterok 15 bozeramaile nahi ditu Gobernuan'
Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaile gisa eman du Rubalcabak bere lehen prentsaurrekoa.
Erredakzioa
Aldaketen osteko Espainiako Gobernuko lehen bileran Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak Gobernuko departamentuen zeregina azaltzeko eskatu die bere ministroei, baina talde-lana ere azaltzeko eskatu die; izan ere, Zapaterok "presidente bat eta 15 bozeramaile nahi ditu Gobernuan''.
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteordeak eta bozeramaileak hitz horiek erabili ditu bere lehen prentsaurrekoan. Hiritarrak erreforma proiektu batean partaide izatea nahi du Zapaterok; izan ere, "gure etorkizuna eta ongizatea erreforma horren araberakoa da".
Gaur goizeko bileraren "erdigunea" Espainiak bizi duen egoerari buruzko Gobernuko presidentearen txostena izan da. Rubalcabaren hitzetan, zalantza finantzieroak, politikoak eta aurrekontuei dagokienak desagertu dira.
"Egonkortasun politikoa agintaldiaren bukaerara arte" ziurtatu ostean, Gobernuak sustapen ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan jarriko du arreta; horretarako hiru ardatz izango dituzte kontutan: laztasuna, falta diren erreformak eta kohesio soziala.
Falta diren erreformei buruz, energiaren eta erretiro-pentsioen erreformen garrantzia azpimarratu du Rubalcabak, eta kohesio soziala ahaztuko ez duten ezaugarria izango dela gogoratu du.