Politika -
Autonomia hauteskundeak
Carmen de Mairena hautagai izango da Kataluniako hauteskundeetan
Artistaren kontratazio-agentziaren ustez, "ikuspuntu berria emango dio Parlamentuari".
Erredakzioa
Carmen de Mairena artista Reusenca Independent Koordinakundearen (CORI) bigarren hautagaia izango da Bartzelonako zerrendetan, azaroaren 28an egingo diren autonomia hauteskundeetan, alderdi horrek adierazi duenez.
"Hedabideen arreta erakartzeko egindako fitxaketa hau" Paral-lel etorbideko lokal ezagun batean gauzatu zen joan den astean, alderiko kideen esanetan. De Mairena “liluratuta” agertu zen politikan jarduteko eta Reusko Udalean (Tarragona) ordezkaritza duen alderdiaren eskutik egunen batean "Bartzelonako alkate andrea" izateko ideiarekin.
CMM Management artista ordezkatzen duen agentziaren aburuz, Carmen de Mairenak "beste inork baino hobeto ezagutzen du hiriko alde zaharra eta, transexuala izatea aukeratu zuenez gero, gizartearen bidegabekerien biktima izan da; ondorioz, ikuspuntu berria emango dio Parlamentuari".
De Mairena irailaren 27an izan zen albiste, udaltzainek artistaren etxeko lau gela zigilatu baitzituzten Bartzelonan, bertan prostituzioan aritzen zirelako susmopean.